hurrengoa
hodeiak...    Txinan ospatu diren joko olinpikoetan, komunikabideetan behin eta berriro errepikatu dizkiguten protesten artean bat bota dugu faltan. Oso modan jarri da mendebaldeko herritar progre eta lore jaleen artean Tibetar teokrazia feudalaren alde egitea. Guk ordea beste zerbait salatu nahi dugu. Gobernu txinatarrak, olinpiar jokoetan euria uxatzeko hodeien aurka egindako sarraskia hain zuzen ere. Euria saihesteko aitzakiaz, ehunka hodei izan dira erasotuak eta deuseztatuak. Txinatarrak ordea ez dira bakarrak izan. AEBtan ere hodei hilketa izugarriak eman dira.
Hodeiak, arraza, erlijio edo klase sozial guztietako begien aurrean azaltzen dira, bereizketarik egin gabe. Hodeiak errepika ezinak eta iradokitzaileak dira. Mundua pobreagoa litzateke atmosferaren izaera eta egoeraren irudi diren hodeirik gabe. Baina orain, dirudienez, gizakiaren itsukeria eta kapritxoaren izenean inongo arazorik gabe suntsituak izan daitezke. Guztiok gara sarraski honen konplize isilak. Noiz arte jasan beharko dugu "hodeizidio" hau?