hurrengoa
cartón    Cartón, beste edozein gauza guztien gainetik, lagun talde bat da. Garagardoak edateko elkartzen den koadrila. Tabernaz taberna egiten duten ibilbidean, ordea, konspirazio grafikoak asmatzen dituzte kaleko paretak apaintzeko.
Elkarrekin daudenean ideiak borboka sortzen dira. Eta horietako batzuei heldu, eta martxan jartzen dute sormen makina. Besterik gabe. Modu sinple eta askean. Pentsatu, elkartu eta egin. Carton-en ez dago buruzagirik, ez dirulaguntza eskaerarik ez eta aurkezpen ofizialik ere. Zaletasuna, adiskidetasuna eta sorkuntza kaletarra dira lehengaia. Nola hasi zen hau guztia? Tabernako elkarrizketa horietako batean, Bilboko inauteri kartelen lehiaketako saridunak ez zituzten gustoko izan, eta beren lehiaketa propioa sortu zuten. Hortik aurrera, urtegiak gainezka egin zuen: kontzertu asmatuen kartelada, Decathlon kirol dendaren kontrako film asmatuen kartelak (Decartón) edo eta esistitzen ez diren taldeen single faltsuen diseinuak (El club del single).
Kalea da beren galeria. Aldarrikapenak, jolasak, diseinuak eta adiskidetasunak bat egiten duen eremua. Adi egon! Edozein tokitan azal daiteke eta Carton kolektiboaren hurrengo ekintza.