negua sarajevon jon enciondo
irudia
Bizitza harrapatu nahiean dabilen nire gorputz hotz, apurtu, ezezagun eta geldoaren irudipen urrun bat uzten dut Sarajevon. Hori da hiriari eta harrituta onartzen duen ikuslegoari eskaintzen diodana.
Eta elurteak zanpatutako ( ez estalitako) hiri magiko eta misteriotsu batekin egiten dut topo. Objektuak, argiak, animaliak, eraikinak, guztiak sortzen dira elurraren atzaparretatik, duela ez hainbeste, lau urtez setiatuta eta bonbardeatuta izan den, baina betidanik guda eremua izan den hiri honen guda historiaren metafora baten modura.
Modu horretan sortzen dira elurretik zakur basatiak, usoak, gizakiak, manikien moduan geldirik batzuetan, eraikuntza anonimo eta espresio gabeak. Baina eraikuntza horien barnean, bizitza ezkutatzen den lekuan, poza eta pasioak, sentimenduak, otoitz eta pentsamenduak sortzen dira, irudi errealak argitzen dituztenak, elur ilun eta zanpatzailearen misterioa uxatuta.
Berehala ezabatuko den arren, nirekin betirako iraungo du auto baten kristalean hatz anonimo batek idatzitako Love You horrekin agurtzen nau Sarajevok.