hurrengoa
sua! sua! beijing-eko arkitektura    Azken urteotan, behin eta berriro entzun eta irakurri dugu arkitektura komunikabide espezializatuetan Txina dela arkitekto estudioen
paradisu berria. Ekialde hurbileko “petro-hiriekin” bat, komunismo kapitalistaren asmatzaileek arkitektura izar esanguratsuenak
erakarri dituzte. Beijinen ospatu ziren joko olinpiarren aitzakian, gainera, diru kopuru izugarriak ordaindu dizkiete eraikuntzaren jainkotxoei beren izenak hiriarekin lotu ahal
izateko. (Ez dugu Txinaraino jo behar hori ikusteko. Joera globala da. Esate baterako Ondarroan Calatravaren zubi bat beharrezkoa zela otu zitzaion behin norbaiti…)

Kontua da, giza eskubideak errespetatzen ez dituen herrialde honetan, munduko arkitekto
ezagunenek ukabilkadak ematen dizkiotela elkarri beren sinadura uzteko. Eta etzazuela espero inolako kritikarik. Sir Norman Fosterrek erreginaren aurrean bezalaxe makurtzen du bere gerri zaharkitua Txinako Errepublika popularreko
agintarien aurrean. Beno, bada kritiko azaldu den bat. Beijingo Arte Ederretako unibertsitatearen
eraikuntzaren egilea den Arata Isozaki (Bilboko etxe orratzaren egile berak) oso kritiko ageri da azken urteotako Txinako politika arkitektonikoarekin.

Aberats berrien sindromeak jotako herrialdea dela esan du, eta modu ireki eta ausartean kritikatu egin ditu eraikuntzen, diseinuen, materialen eta lanen kalitatea. Joko olinpikoetarako egin ziren
eraikin enblematikoen zerrendari segida eman zion proiektu esanguratsuena, Rem Koolhaas eta Ole Scheeren arkitekturaestudioen proposamen ikusgarria izan zen. Txinako telebistaren (CCTV) gune berria, eta Beijing Mandarin Oriental hotela izango zena. 2004an hasi zituzten eraikuntza
lanak. 2009ko otsailaren 9an, urte berri txinatarren ospakizunetan, norbaitek su artifizialak piztu zituen hotela izan behar zuenaren eraikinean… eraikinaren barruan. Haren ondorioz, eraikinak su hartu zuen. Ez zen besterik gabe apur bat kiskali; eraikina bota behar zela erabakitzeraino erre zen. Eta, ezin
denez dinamitaz egin, oraindik ere ari dira eraikina desegiten, eskuz, habez habe. Sutean suhiltzaile bat zendu zen. Piroteknikoetara jolasten metxa piztu zutenak exekutatuak izan ziren (ez genuke negarrik egingo basoei su
ematen dietenekin ere gauza bera egingo balute, serio). Beijindarren artean bada txantxa moduko bat gertakizun haren inguruan. Sutearena ez dela harritzekoa, diote, hotela zakil bat zirudielako eta telebistaren eraikina alu bat. Eta zakila, aluaren aurrean egon eta sartzeko aukerarik
ez zuenez, gehiegi berotu eta gertatu behar zena gertatu zen. Umore horia.