• 1
  • 2
hurrengoa
revolutionary brothers    Duela 10 urte hasi zinetenean, zein zen zuen helburua Revolutionary Brothers proiektuarekin?

Hasi ginenean, gure helburua zen zenbait taberna eta lekutan reggae musika entzutea, gure biniloak kaleratzea alternatiba gisa, eta guk maite genuen estiloa zabaltzea. Gazteagoak ginean, ilusioz beterik eramaten genituen gure biniloak, eta esperientzia gutxirekin nahasten eta ipintzen genituen! Sesioak eginez, urteekin, Revolutionary Brothers familia bihurtu da, Konsul eta Yanurekin...baita Costas eta Mr Garlik-ekin ere... Gure estudio txikia (Inda Glory Studios) eratu dugu produkzio-lanak ekoizteko.

Festa eta sound system ugari antolatu duzue. Euskal Herrian dena punk, rock eta folk dela uste duena oker al dabil?

Gaur egun ugaritasun handiagoa dago musikan. Euskal Herrian, historikoki, beste estilo batzuk nagusitu dira tabernetan, gaztetxeetan, jaialdietan... baina esan beharra dago musika
jamaikarrak ere bere lekua aldarrikatu duela; geroz eta ezagunagoa da eta normalizatuago dago! Guri, gure aldetik, beti gustatu zaigu gauzak antolatzea eta taldeekin lan egitea, beraz, horretan jarraituko dugu, reggae-a edonon entzun arte!

So much songs to play... artista ezberdinak eta izen handiak; zaila izan al da izen horiek lortzea?

Erraza ez da izan. Bi urteko prozesua izan da, erritmoak aukeratu eta artista batzuekin hitz egiten hasi ginenetik. Batzuk nahiko erraz lortu ditugu, beste batzuk zailtasunez... Hasierako ideia eta artista batzuk baztertu behar izan ditugu, eta berri batzuk sartu. Hala ere, gure hasierako planteamendua nahiko mantendu da
bere hartan. Oso pozik gaude emaitzarekin!

Grabaketari dagokionez, ez da erraza izango hainbeste partaide dituen proiektu bat antolatzea, ezta? Nolakoa izan zen grabaketa prozesua?

Prozesua artisten eta abeslarien arabera egin dugu; ez dio sekuentzia finko bati jarraitu. Adibidez Wayne Smith jamaikarra Donostiara jotzera ekarri genuenean, grabaketa antolatu genuen CDa kaleratu baino urte eta erdi lehenago. Bestalde, Konsul eta Yanurekin, CDa bukatzeko aste bat falta zenean grabatu genituen bi abesti. Oro har, grabaketaren erritmoa ideien eta momentuetako beharren araberakoa izaten da normalean.

Non ikusten duzue Revolutionary brothers proiektua datozen hamar urteetan?

Non? Ba, batek daki! Baina gure intentzioa reggaearen munduan jarraitzea da, ekoizpen eta antolaketa lanak egiten, kontzertuak ematen... Hamar urte pasa dira, baina musikak sorrarazten digunak bere horretan jarraitzen du, beraz, jarraituko dugu, nola ez! Gure azkenengo CDak esaten duen moduan, Revolutionary Brothers have So Much Songs to PLAY!

www.revolutionarybrothers.com