hurrengoa
ambar grisa    Eta, bat batean, bale hilak botatzen zuen kiratsaren tartetik, hodei bat lurrin arin
zabaldu zen.

–Topatu dut! Topatu dut! –oihukatu zuen Stubb-ek–. Hementxe dago poltsa!

Atxurra laga, bi eskuak zulotik sartu, eta xaboi zaharkitua eta gazta ustela zirudien gantz lurrindu modukoa eskukadaka ateratzen hasi zen.
Errauts horixka kolorea zuen. Ambar grisa zen, edozein botikatan ontza batek libera bat balio duen substantzia. Sei bat eskukada atera ziren, baina zati bat galdu zen itsasora jausi zenean. Eta agian gehiago ere atera zitekeen Acab kapitainak lan hura amaitzeko eman zituen aginduengatik izan ez balitz. Stubb balearen hilotza utzi eta barkura igotzera derrigortu zuen.

Ambar grisa oso substantzia estimatua da lurringintzan, luxuzko kandela, xaboi eta kremak egiteko. Turkiarrek sukaldaritzan ere erabiltzen zuten. Nork esango zien substantzia hori erabiltzen dutenei, jatorria bale gaixo baten sabelean dagoela?

Ba, halaxe da.

Bale-arrantzaleek badakite –Bouton de Roseko frantses haiek eskuartean zeukatenaren balioaz konturatzen ez ziren ezjakinak ziren–, eta Stubb-en trikimailuak irabazi gehigarri bat ekarri zion Pequod-eko tripulazioari.

Moby Dick, Herman Melville
Pequod baleontziko eskiafaiako marinelek Bouton de Rose barkuko frantsesei ziria sartu eta hauek harrapatutako balearen erraietatik ateratako ambar grisa aipatzen dueneko zatian, Melvillek substantzia honek zuen balioaz hitz egiten digu. Azken urteotan, gure kostaldean azaldu diren baleei erraiak begiratu ote dizkieten ez dakigu, baina susmatzen dugu inguruan ez dagoela, honez gero, Pequod eskifaiako modukoen zuhurtzia duenik.

Anbar grisa baleek sabelean sortzen duten gris horixka koloreko argizari moduko substantzia bat da, usain berezia duena. Paradoxikoki, itsasotik datorren substantzia honek lur usain gozoa du. Eta badu beste berezitasun bat. Ambar grisak soilik usaintzen du ambar grisaren moduan. Ez dago usain hori guztiz kopiatzerik. Baleak, irensten dituen tonaka arrain, muskuilu, zefalopodo eta abarren digestioan laguntzeko sortzen du ambar grisa izeneko substantzia berezi eta arraro hau. Scrubb marinelak balearen gorputzetik ateratzen badu ere, itsas azalean edo uhertzean topatu ohi da. Eta ambar grisaren jatorria zein den jakinik, irudikatu dezakegun moduan, ez da batere erraza substantzia hori eskuratzea. Bale-ehiza debekatu zutenetik, ez dago ambar grisaren ekoizpena bermatzerik eta, ondorioz, ambar gris naturalaren prezioak gora egin du. Herrialde gehienetan debekatuta badago ere, lurringintza industriak ezkutatu egiten duen substantzia honen merkatu klandestino bat esistitzen da. Lurringintzaren industriak usain finkatzaile eta anplifikatzaile artifizialak erabiltzen ditu aspaldidanik.

Ambar grisaren merkataritza oso ezkutuko kontua da. Lurringintza industriak ukatu egiten du ambar grisa erosten duenik, baina merkatu beltzean substantzia bitxi honetako edozein kopuru eskuratzen denean, berehala saltzen da. Duela hiru urte oso modu bitxian zabaldu zen itsas korronteak eta baleen joan-etorria ezagutzen duten ambar grisaren bilatzaileen berri. Zelanda Berriko hondartza batean paseatzen zenbiltzan Ross Sherman-ek eta John James Vodanocich-ek epaitegi batean amaitu zuten elkar hil nahi izategatik. Lehenak bigarrena autoarekin harrapatu nahi izan zuen, eta bigarrenak lehena hodi batekin erasotu zuen. Epaitegian, ordea, ez batak ez besteak ez zuten esan nahi izan zergatik eraso zioten elkarri. Ikerketak jakitera eman zuen, beranduago, hondartzan topatutako 40 kilo ambar gris izan zirela elkar akatzeko saiakeraren arrazoia.