motorcycle sport
irudia
Alemaniarrek ingenieritza, italiarrek diseinua, japoniarrek eraginkortasuna, frantsesek glamourra, baina britaniarrak (eta britaniar presoen ondorengo diren australiarrak) izan dira motorraren mundua modu berezian bizi izan dutenak.

Garai batean, motorra gidatzeko bi modu zegoen. Modu ohikoan, gidariaren gorputzak motorrarekin bat egin eta honen ardatzarekin bat eginaz bihurguneetan etzan egiten da. Modu britaniarrean, gorputza beti tente eta zuzen eraman behar zen, errepidarekin 90 graduko angelua eginez, eta bihurguneetan, motorra zen mugitu eta etzan egin behar zena. Ez zen modurik logikoena, ez zen modurik zihurrena, baina honetan ere britaniarrek, estetikaren etikaren jarraitzaile izan dira. Emaitzak eta helburuak betetzeaz gain, emaitza eta helburu horiek lortzeko moduari ematen zioten garrantzia. Bazegoen jarrera honen atzean elegantzia eta heroitasun zoro bat. Egun ia zentzurik ez duen izaera eta bizitza ulertzeko jarrera erromantiko bat.

60. hamarkadan, Erresuma Batuan argitaratu zen Motorcycle Sport aldizkariak izaera horri eutsi zion. Ez zen inoiz punta-puntako aldizkaria izan, baina bazuen gai bereko beste aldizkariek ez zutena: xarma. Aldizkaria sortu zutenak motozaleak ziren eta motorraren mundua ez zuten soilik arlo tekniko edo ekonomikotik ulertzen. Urteak pasa ahala, diseinua eta edukiak aldatu zituzten baina 80. hamarkada iritsi arte motorren epikak eta estetikak ez du beste inork hain ongi ulertu eta islatu.Diseinu aldetik, gutxiago gehiago dela asmatu zuten minimalismo eskandinabiarra iritsi aurretik. Bi tintekin, betirako iraungo duen diseinua lortu daitekeela erakutsi zuen Motorcycle Sport-ek. Bi shilling-en truke zaila da ezer ederragorik eskuratzea.