hurrengoa
tarantela    Italiako botaren takoiaren barrualdea Taranto eskualdea da. Paisaia mediterraneo eder horretan bizi da otso-armiarma (lycosa tarantula) eta horregatik eman zitzaion ¨Tarantula¨ izena. Tarantula batek kosk eginez gero, haren pozoiak nerbio-sistemari eragin eta histeria egoera batera eramango zaitu. Egoera horri ¨tarantismoa¨ esaten zaio. Jakina da erromatarren garaietatik tarantismoa sendatzeko exorzismo bereziak egiten zirela. Baina XVI. eta XVII. mendeetan musikaren erabilera zabaldu zen exorzismo saio horietan. Tarantismo egoeran zegoen pertsona dantzan jartzen zuten, erritmo bizi eta aldagarria zuen musikari jarraituz. Dantzari esker, gaixoak izerdia botatzen zuen, nekatzen zen eta, modu horretan, baretzen zen tarantismoa. Musika eta dantza hari Tarantela izena eman zitzaion.

Unai Rosende eta Aitor Auzmendik filmatu duten Tarantela animaziozko film laburrak armiarma iletsuaren pozoiak sortzen duen tarantismo egoera berean murgiltzen gaitu. Zinemaren sukarrak jota, etxeko txoko batean eszenatokia sortu, eta fotogramaz fotograma sortu dute Coppolaren Il Padrino-ren Siziliako paisaiak, David Lynch-en ezinegon atmosfera, Tim Burtonen samurtasun beltza eta Melies-en joko surrealisten usaina duen film txiki handi hau. Ikuslego kopuru eta takila errekorrak, komunikabide promozio erraldoiak eta alfonbra gorridun zinemaz gain, beste zinema bat badagoela erakusten duen film aske eta liluragarri bat.

vimeo.com/54093834
pasahitza / password: tarantellashortfilm