baltistan style testua / text by: simon elias itzulpena / traslation by: aritz branton argazkiak / photos by: pedro
irudia
Hushe mendiko herrixka bat da, Pakistanek menderatzen dituen Kashmirreko eremuetako batean kokatua, Baltistanen. Lehenengo begirada batean, ez dira eraikinak ingurumenetik ia bereizten. Mila lagun bizi dira paisaia okre horretan. Leku latz eta izugarria da. Dirua eta argindarra haraino iritsi ezin direla dirudi. Baina, Karakorum herrixkan, estiloa New York fashionista-n bezain garrantzitsua da.

José Gaspar Birlanga estetika katedradunaren hitzetan, “Moda bera kontakizun bat da”. Mendiak zeharkatuz Tibetetik etorri zen herri honek munduko eskualderik babesgabeenetako bat hautatu zuen bizileku. Herri horren historia irakur daiteke salwar kamish batean (emakumezkoen zein gizonezkoen tradiziozko jantzia Pakistanen), kontu handiz buruaren alde batera kokaturiko feltrozko txano batean, edo formarik sinesgaitzenean moldatutako bibote batean.

Herrixka 3.000 metrora dago, mendi-tontor elurtuez inguratuta. Api Dablat da hango emakumerik zaharrena. Hainbat iturriren arabera, 100-125 urte inguru ditu. Familiaren adobezko etxebizitzan sartu ginenean, lur gainean zegoen lotan, fetu-jarreran. Ilobak esnatu zuen:“Api, Api, gizon hauek atzerritik etorri dira zu ikusteko.” Burua esku baten gainean jarri, eta irribarre zabal-zabala egin zuen, hortzoiak agerian: “Barkatu ez altxatzeagatik”.

Hassan-ek (haren ilobak) salwar kamish marroi bat zeraman soinean, adobezko eraikinekin bat eginez. Izozketa batek eskuineko eskuko bi hatz kendu zizkion Hassan-i. Turistek nola gertatu zitzaion galdetzen diotenean, sarkasmoz erantzuten die: “Txakur hatzjale islamar itzela daukat.” Yasin shirdar bat da, zamaketari nagusi bat. Bere lana da, besteak beste, fardelak alokatzea eta pisatzea, bai eta mendiko ehunka espediziok eraman
behar dituzten zamen logistika kudeatzea ere. Sigar-koa da Yasin, Balistango ibarrik emankorrenetakoa, eta berak ere estilo propioa dauka. Bibote luzea darama, uhinak eginez orraztua.

Georg Simmel soziologo ospetsuak behin esan zuen bezala, moda “pentsamenduaren eta pentsamendu ezaren umea da”. Gizakiaren ezaugarri sakon bat da, munduko edozein txokotan aurki daitekeena. Manssur Hunza ibarrekoa da, baina udaldietan Baltistango mendietan egiten du lan, trekking taldeen gidari. Bere dotoretasunak ospetsu bihurtu du. Mendate zailenetan ere, ia 5.000 metrora, alkandora garbi-garbiak eta prakak tolesdunak janzten ditu. Egunero egiten du bizarra eta bibote luzea dauka. Karakorum-eko dandya bezala da ezaguna Manzur. “Estiloa funtsezkoa da, zure nortasuna islatzen du, begirunea irabazi edo galduarazten dizun itxura” dio haxixko zigarro bat biltzen duen bitartean. Haxixaren usaina jantzi guztietan itsatxita darama aspalitik.

Munduko eskualderik urrunenetako honetan bizi diren gizonezko eta emakumezkoen mezua hauxe da: estiloak ez dauka zerikusirik diruarekin. Estiloa aurpegiera bat da, jaka bati erantsita dagoen apaingarri txiki bat, Apo Alik bizar luzearen azpian erdi ezkuturik daraman metalezko txoria bezalakoa. Estiloa esertzeko, hitz egiteko edo begiratzeko modua da. Bibote handiko bi gizon, eskutik helduta, estilo handiko kontua da; baita txano batean txikle-pakete baten papera eramatea ere. Dotoretasuna izatearen adierazpen agurgarria eta debaldekoa da. Berlinen, New Yorken nahiz Baltistanen aurki daiteke. Hala eta guztiz ere, artzain baltiarrek duten liraintasuna, txanoak lorez apaindurik, oso urrun geratzen da hiri handietako etorbideen estilotik.