hurrengoa
beranduegi    Astelehena. Argia aldizkariko erredakzioa. Arratsaldeko zazpirak. Gorka Bereziartua eta Unai Brea kazetariak gidoiari azken ukituak ematen dabiltza. Aldizkariko multimedia arduraduna den Axier Lopezekin hizketan hasi naiz. Beranduegi saioaren inguruan the balden zer egiteko asmoa dudan galdetzen dit. Egia esan, ia argibiderik eman gabe azaldu naiz saioaren grabaketan. Beren aurpegietan nabari dut ez dizkiedala zalantzak gehiegi argitzen. Ezin. Nik ere ez dakidalako zer idatziko dudan. The balden garbi geneukan gauza bakarra, euskaraz egiten den gure telebista saio faboritoaren inguruan zerbait egin behar genuela. Hitz egiten dugun bitartean, Axik, bilera mahai bati buelta eman, pare bat foku piztu, kamara tripodean jarri eta mikrofonoak prestatzen ditu. Bi minutu eskasetan Beranduegi saioko platoa antolatua dago.

Lehendabiziko Beranduegi 2011. urtearen haserarekin aireratu zen. 14 minutu pasatxo zituen eta saioko lehendabiziko albistea, ETA berriki iragarritako su etenak sortutako erreakzioei eginiko begirada ironiko eta ausarta izan zen. Gurean, zerbait berriaren aurrean geundela jabetu ginen berehala. Eduki aldetik zirt zart, norabide guztietara botatzen dituzte beren dardoak. Inor ez da libratzen. Eta hain zuzen hori da Beranduegi saioaren ikurretako bat. Ikuslegoa ez du tontotzat hartzen. Edukien gaineko ardura badagoela nabari da baina autozentsura gutxi. Lagun artean edo lankideen artean edozeinik egiten dituen hausnarkerta eta komentarioak botatzen dituzte. Berez, Beranduegi formatua ez da batere berritzailea, baina hain ohituta gaude klitxeekin eta autoparodiarekin eginiko (t)umore euskaldunaz, egunerokotasunera lotuta dagoen infantilizaziorik gabeko saio batek harritu egiten gaituela. Aurkezleak gidoia eskuetan azaltzen dira ¨platoan¨. Di-da batean amerikanak eta korbatak jantzi eta mahai aurrean eseri dira. Guztia prest grabazioa hasteko. Ez dute beti eskenatoki honetan grabatu. Haseran, 2 metrotara dagoen erredakzioko mahaian grabatzen zuten. Entsegua eta grabaketa bat dira. Akatsak, hitztripuak, barreak, azken orduko zuzenketak,... Grabaketa jarraia egiten dute. Etenik gabe, mahaitik altxatu gabe. Bapatean goiko pisutik ahots bat entzuten da. Eskaileretan behera dator Lander Arbelaitz kazetaria iruzkin batekin. Gidoian aurrera egin ahala Xabik irudi hau edo beste hura sartuko duela komentatzen du. Eskaileretan eseri naiz eta alboan eserita, master garesti horiek ematen ditzuten telebista guru eta adituak ikusi nahi nituzke. Hainbeste kontzeptu, teknologia, hitz aspertu... telebista saio bat egiteko behar den gauza bakarra gogoa eta talentua denean. Beranduegik frogatzen du. Eta paradoxikoki, euskaraz egiten den gure telebista saio faboritoa ez dute telebistan botatzen. Bati baino gehiagori eman beharko lioke zer pentsatua...