hurrengoa
branka    BRANKA jaio da: eta etorkizun ezezaguneko itsaso batetara itsasoratu da. Alperrik izango da? Gazteren bat hil egingo da? Gu, sortzaileok ez dakigu galdera hauei erantzunik ematen. BRANKA Euskal Herriaren semea izanik gizon euskaldunaren zerbitzura dago: Hau da gure helburu nagusia. Branka (Revista Sozialista Vasca) aldizkariko lehendabiziko zenbakiaren atarikoa. Branka aldizkaria 1966-1971 urte bitartean argitaratu zen. Hamalau zenbaki kaleratu ziren guztira. Branka da ere Mikel Zatarain zinegilearen azken lanaren izenburua. 28 minutuetara iristen ez den filma. Bi brankek badute zerikusirik. Zatarainen filman, ia 50 urte beranduago, nolabait, lehendabiziko zenbakiko atariko hartan egiten ziren galdera berak egiten direlako.

Zatarainen filman ordea, 50 urte alperrik ez direla pasatzen ikusi eta entzungo dugu. Zatarainek galdera beretsuak egiten dizkigu, bai, diferentzia txiki batekin. Ikusle eta entzuleak badakizki erantzunak. Erantzun horiek ezbedinak izango dira ikusle/ entzulearen arabera. Errealitatea kaleidoskopikoa delako beti. Mikel Zatarainek, bere aurreko lanen bide beretik abiatu da lan honetan ere. Ez-fikziozko generoaren barne, irudi eta soinuaren mugen inguruan hausnartu eta esperimentatu du lan honetan ere. Branka, batez ere bere lehendabiziko film laburra izan zen Lanbroa lanarekin parekatuko genuke. Donostiako markoinkonparableko paisaia tipikoak agertu eta desagertu egiten dira behe lainoaren teloien eraginez. Santa Klara uhartearen irudi estatiko, neutro eta ikusezinen gainetik soinuak entzuten hasten gara. Irudiari dagozkion soinuak haseran, baina berehala soinuek irudia gailentzen dute. Soinua delako film honetan narrazioa eta akzioa bideratzen duena. Soinuei esker egiten du aurrera filmak. Azken 50 urteotan gure herrian errepikatu diren soinu, lelo, otoitz, ohiu eta eztandak dira, gure memoriaren soinu banda.