hurrengoa
bolaño    Augusto Monterrosok idatzi zuen, goizago edo beranduago, idazle latinoamerikar batek hiru halabehar bizi izango dituela: deserria, itxialdia, hobia. Eta Roberto Bolaño, hain zuzen, bigarren horretan bizi zen garai hartan, 90. hamarkada hasierako urteetan, itxialdian. Baina ez bereziki giltzapean, ez bada itzalpean: astorik astoenak baino lan handiagoa eginik ere –orain publiko egin diren artxibo pertsonalek erakusten duten moduan–, edozein giro literariogandik urrun zegoen, argitaratzeko arazoak zituen, inork ez zuen serioegi hartzen, diruz juxtu xamar egiten zuen aurrera. Horrexegatik bidaltzen zituen idatzitako testuak han-hemenka geografian sakabanatutako sariketa asko eta gehiagora.

Eta tarteka irabazten zuen zer edo zer. Adibidez, 1994an, Irun Hiria Literatura Saria, poesiaren atalean. Los perros románticos jarri zion garaile suertatu zen bilduma hari, baina apenas izan zuen orduan oihartzunik. Gerora bai, Bolañok berak oihartzuna izan zuenean, eta Lumen argitaletxean (2000) eta Acantiladon (2006) berrargitaratu zioten poemategia, Pere Gimferrer poetaren aurkezpenarekin –eta pena da euskal argitaletxerik ez egotea 94an sariketa horretako lanak ateratzen; negozioa egingo zuen bestela–. Baina sari hartatik aurrera hasi zen Bolaño literaturaz esklusiboki bizitzen. Atzean utziz, horrela, aurretik egin behar izan zituen literaturaz kanpoko behar guztiak –ontzi garbitzaile, campingeko zaindari, imitaziozko bitxien saltzaile eta abar–. Irabazi zuen azken sarietako bat izan zen Donostia Hiria Literatura Saria, 96ko hondarrean. Sensini izeneko ipuinagatik eman zioten, auskalo nongo bazterretako sariketa mordo batera testuak bidaltzen dituen idazle baten gaineko ipuinagatik. Dirutan ez zen seguru asko, baina, ez sariketa lokal bat, Nobela irabazi izan balu bezalako bozkarioz jaso zuten notizia Bolaño enean. Halere, oztopotxo bat zegoen: ipuin hori hitz emana zion Jorge Herralde editoreari bilduma batean publikatzeko. Bolañok editoreari idatzi zion eskutitz batean azaltzen dio ipuin hori bidali zuela sariketara, propio, sariketetara ipunak bidaltzen dituen idazle batez ari delako, eta sekula ez zuelako uste izan saritua izango zenik. Eskubideekin arazorik izango balute, Bolaño konprometitzen zen gainera ipuin horren partez beste bi ematera, aurrekoa baino hobeak. Alferrik, 98an publikatu zen Llamadas telefónicas ipuin bilduma, Anagramaren eskutik. Sensini da bilduma horretako alerik nabarmengarriena, Enrique Vila-Matasen esanetan.

Baina 96an hasi zen dagoeneko Bolañoren ibilbidea beste norabide bat hartzen, gaur ezagutzen duguna, La literatura nazi en América eta Estrella distante lanen argitaratzearekin. Eta hortik aurrera ibilbideak segi zuen gorako noranzkoa, Bolaño bizirik zela, adibidez, Los detectives salvajes (1998) eleberriarekin, eta are Bolaño 2003an –aurten hamar urte– hil ondoren, 2666 (2004) monumentalarekin. Geroztik jarraitzen dute Bolañoren ineditoek ateratzen. Onena da, ordea, ugari geratzen direla oraindik publikatzeko. Auskalo Euskal Herriko sariketaren batean saritu gabe geratutako testuren bat edo beste tartean.