audio
hurrengoa

sing to the moon

laura mvula

Soul edo Jazz disko on baten bila bazabiltza Laura
Mvularen lehen diskoa duzu hemen. Ahotsarekin nahi dutena egiten duten horietakoa da eta abiadura ezberdinekin jolastu du bere kantuak sortzeko. ¨That´s allright¨ azkenaldian entzun dudan piezarik indartsuenetakoa da. Baina hori hasiera besterik ez da eta ¨Green garden¨ abestiak ere berehala harrapatuko zaitu.

hurrengoa

trouble will find me

the national

Arrakastak irensten dituen talde askori zaila egiten zaie aurrera egitea. The National taldeak azken urteetan izan duen bilakaerak jaialdi erraldoietan eta estadio handietan jotzera mugatu ditu. Hori, Chris Martin batean bilakatzera heldu gabe. Arrakastak baino meritua kantuek dute eta kasu honetan adikzioa sortzera heltzen dira. “Don´t swallow the cap” eta ¨Sea of love” dira lan berriko gure gustukoenak.

hurrengoa

random acces memories

daft punk

Laugarren estudioko diskorako soinu sofistikatuagoa bilatu du bikote frantziarrak. 70eko hamarkada amaieran dantzalekuak astindu zituen Disco erritmoetara gerturatu da, nahiz eta zaila den bere musika estilo bakarrean sailkatzea. Kantuak sortzeko erabiltzen dituzten samplerrak hautatzeko duten gaitasunaren pareko da lan honetarako hautatu dituzten kolaboratzaileen maila: Pharrell Williams eta Panda Bear, besteak beste.

hurrengoa

drifters /love is the devil

dirty beaches

Charles Bukowskiren poesia batean oinarritutako titulua aukeratu du Dirty Beachesek lan berriko izenburu gisa. Elvisen arima Suiciden soinura eramanda osatzen ditu bere kantuak Alex Zhangek. Bateria elektronikoak eta loop hipnotikoak erabilita XXI. Mendeko rockabilly misteriotsua osatzen du. Doinu instrumentalen alboan¨I dream in neon¨ eta ¨Casino Lisboa¨ abesti ilunak osatu ditu. Arriskutsua eta erakargarria.

hurrengoa

silence yourself

savages

Post punkaren alderdi zikinenera jo du Londresko taldeak “Silence yourself” diskoko hamaika kantuak osatzeko. Jehnny Beth abeslariaren ahotsak nortasun berezia ematen die “I´m here’ bezalako kantuei. “Strife”eta “No face” abestietan gitarra kolpe gordinekiko duten zaletasuna nabarmendu dute. Genero horretan aspertzera heldu gaituzten talde ugari badago ere hauek zerbait ezkutatzen dutela sinistuta gaude.

hurrengoa

cave rave

crystal fightrers

“Star of love” lanarekin hasitako bidea jarraitu du Crystal Fightersek bigarren diskoan. Elektronika eta doinu tribalak nahastuaz dantzalekurako lehergailu perfektua osatu dute berriz ere. “Separator” eta “Are we one” bezalako abestiek baieztatzen dute hori. Hala ere disko berrian sentiberago aurkitu ditugu txalapartaren zale amorratu hauek eta “You and I”, “Bridge of bones” edo “No mans” bezalako kantu lasaiak ere osatu dituzte.