Calexico
Carried to dust·Quarterstick 2008
"Garden Ruin" aurreko diskoan hartutako norabidea alde batera utzi eta sustraietara itzuli dira Joey Burns eta John Covertino. Tucson haien jaioterrian grabatu duten disko honetan desertuko eragina nabarmena da eta mugaz bestaldeko tex mexaren eragina erakusten du. Kolaborazio ugari izan dute, Jairo Zavala (La Vaca Azul, De Pedro), Amparo Sanchez, Sam Beam (Iron & Wine) edo Douglas McCombds (Tortoise) besteak beste. Guzti honek aurreko diskoko iluntasunetik atera eta giro beroetara gerturatuko gaitu berriz ere.
El Columpio Asesino
La Gallina·Astro discos/Pias
2006an "De Mi Sangre a Tus Cuchillas" diskoa argitaratu zutenean egin zuten bezala oraingoan ere kantu sendoak idatzi dituzte aurretik egindakoarekin hausteko. Horren hauskorra izaten jarraitzen duen izaera mantentzen du Arizaleta anaiek gidatzen duten proiektuak. Elektronikak pisua hartu eta kitarra elektrikoen lekua bete du "Un arpón de grillos" bezalako kantu sinbolikoetan. "La marca en nuestra frente es la de Cain" bezalakoetan aurreko lanean erakutsitako iluntasunarekin jarraitzen dutela erakusten dute.
Ratatat
LP3·XL Recordings 2008
Badut Brooklynera joateko gogoa. Argi dago eraikin garaietako hirian beti egin direla gauza interesgarriak, baina azken hamarkadan bertako eszena berpizten ari diren proiektuen loraldia ezagutu dugu. Ratatat-en disko berriaren tituluak asko dio bere doinuei buruz "Lp3". Garai zahar eta berrien arteko muga: elektronika, rocka edo hip hopa nahasteko gai direlarik. Mike Stroud eta Evan Mastek osatzen duten proiektuak kolore, dizdira eta laser izpiz beteriko soinuekin bete dituzte lan honetako kantuak, eta bide batez gure begitxoak diskoa entzuten dugun bakoitzean.
Popnoname
Surrounded by Weather·Discogs 2008
Ez da gauza berezirik azken aldian elektronika eszenaren baitan. Artista askok joera klasikoetara jo du bere kantugintzan eta beste askok modan egon daitezkeen elementu tradizionalak hartu dituzte lan berriak sortzeko. Popnoname azken aldian eszena berritzaile baten bila dabiltzan horietakoa dugu, elektronikaren elementu klasikoak erabilita gauza interesgarriak sortzen dabilelarik.
Tricky
Knowle West Boy·Domino 2008
"Maxinquaye" izeneko lehen diskoak pisu handia du oraindik ere, nahiz eta denbora igaro eta garaiak aldatu. Joera eta doinu berrien bilaketan igaro ditu azken urteak Tricky-k, bere nortasunak markatu dituen lanak argitaratuz. Horregatik, eta batez ere bere puntu arriskutsu horrengatik, erakargarriak egiten zaizkigu bere lanak. Disko berrian badirudi bere sustrai eta lehen lanetara begira jarri dela, burua galdu gabe, beti erakutsi duen berritasun joera hori mantenduaz.
Joan as Police Woman
Donostian zuzenean izan genuen joan de urteko jazzaldian Joan as Police Woman. Disko berriarekin datorkigu oraingoan eta hazi egin dela esan dezakegu. Heldutasun puntu interesgarria erakusten du lan berriak, "Holiday" bezalako kantu sendoetan edo "To be lonely" mingarrian esaterako. Joan Wasser-en alboan Rufus Wainwright ere aurkitu dezakegu kolaboratzaile "To America" amaierako abestian. Disko benetan unkigarria.