hurrengoa
zoologikoak dira arte museo eta galeriak    Artium-ek Ez ukitu izenarekin erakusketa berria aurkeztu du. Arte museo eta galerien eta bertara hurbiltzen diren ikusle eta arte zaletuen arteko harremanaz hausnartzen da. Eta, guri, John Bergerrek About Looking (1980) liburu ezagunean idatzi zuen Why look at animals (Zergatik begiratu animaliei) testua etorri zaigu gogora. Berger-en asmoa begiradaz hitz egitea bada ere, guri, arte galeria eta museo gehienak egun zertan bihurtu diren azaltzeko analogia ederra eskaintzen digu. “Zoologiko publikoak animaliak eguneroko bizitzatik desagertzen hasi ziren garaian sortu ziren. Jendea animaliekin bat egitera, ikustera eta aztertzera joaten deneko zoologiko horiek, hain zuzen ere, animaliekin ezinezkoak diren harremanei eraikitako monumentuak dira. Zoologiko modernoa gizakia bezain zaharra zen harreman baten epitafioa dira”. “XIX. mendean zoologiko publikoak botere kolonialaren baieztapena ziren. Animaliak harrapatzea urrutiko lurralde exotikoen konkistaren irudikatze sinbolikoa ziren. Esploratzaileek aberrira tigre edo elefante bat bidaliz frogatzen zuten beren patriotismoa. Metropoliko zoologikora animalia exotiko bat oparitzea harreman diplomatikoen ikur sinboliko bihurtu zen”.

“Baina XIX. mendeko erakunde publiko guztien moduan, nahiz eta inperialismoaren ideologiak sortua izan, zoologikoak betebehar herrikoi bat zuen. Ezagutza eta ilustrazioa herriari gerturatzeko betebeharra zuten. Zoologikoek sortu zuten lehendabiziko zalantza naturaren historiarekin zuen zerikusia: garai hartan uste zuten halako ingurune ez naturalean animalien bizitza naturala ikertu zitekeela “. “Milioika pertsonek bisitatzen zituzten zoologikoak urtero, jakin min hain handi, hain zabal eta hain pertsonalak bultzatuta. Zoologikoetan biltzen espezie eta azpi-espezie gehien, ikusiak eta aztertuak izateko. Eta kaiola bakoitza barruan dagoen animalia enkoadratzen duen markoa da”.