hurrengoa
enekoitz ramirezen zain    Camembert helburu liluragarri hartan, iruzurtuta, desengainaturik eta kartzela usainean utzi genuenetik, ez genuen Lanbasen berririk. Gure herriko guru bihurtu dituzten goi mailako sukaldariz inguratuta itzuli da. Inguratuta baino, egoerak eta bere ¨lanbide¨ berriak derrigortuta. Enekoitz Ramirez-ek ez du AEBetako detektibe pribatuen gabardina pose gogorrik, ez du Frantziako “polar”-etako Delon eta Belmondo modukoen atraktiborik. Ez du Eskandinabiako detektibeen zintzotasun kalbinistaren arrastorik. Ez du Espainiako detektibeei darien “fritanga” ogitarteko usainik. Hasteko, Enekoitz Ramirez, polizia, polizia ohia edo detektibea izan beharrean, gaizkile bat delako.

Enekoitz Ramirezi esker, nobela beltza gaizkilearen ikuspegitik bizitzea lortu dugu. Baina ez AEBetako eleberrietan azaltzen diren gaizkile psikopaten ikuspuntutik. Enekoitz Ramirez gaizkilea da, eta, hain zuzen ere, itzalen eremutik bizi ditugu haren ikerketak eta aurkikuntzak. Arrain txiki baten moduan, inongo sareetan ez erortzeko, bere inguruan dabiltzan polizia, bezero, abokatu eta ¨lagunen¨ artean igerian dabil beti Lanbas. Baina putzu eta aintzira gehiegitan izan denak ez du inoiz itsas barerik topatuko.

Orban gehiegi ditu inoren aurrean biluzteko. Ironikoa lagunekin, eta zinikoa eta sarkastikoa munduarekin. Ez du apenas lagunik. Kondenatuaren hedonismoa praktikatzen du. Erromantikoa, zentzurik suntsitzaileenean. Galtzeko apustua egiten duen jokalari txarra. Gure herriko aldareetan azalduko ez den santu eta martirra da Enekoitz Ramirez. Eta Beltz-Noir generoa dugunok merezi genuen haren itzulera. Eta merezi dugu, berandu baino lehen, oraintxe zertan dabilen jakitea.