hurrengoa
ezezaguna    Kalera atera zara zigarreta erretzera. Taberna barruan erretzeko debekuak hasera batean zenbateko amorrua eman zizun pentsatu duzu. Egun ordea, zigarreta erretzera kalera atera beharrak eskaintzen dizun tartea ordainezina dela deritzozu. Nikotina txuteaz ase zarenean, behatz katapultek espaloi hertzera bota dute zigarro-mutxikina. Tabernara sartu zara berriro. Ordu batzuk beranduago gertatuko denaz ez zara jabetuko. Lo egongo zara, edo zorte apur batekin norbaitekin larrua jotzen. Emakume misteriotsu batek, pintza batzuekin zure zigarro-mutxikina jaso eta plastikozko poltsa batean sartu du.

Hilabete batzuk beranduago kaletik oinez zoaz. Arte galeria baten erakusleihoaren aurrean geratzen zara. Bertan, paretetan esekita, giza buruak daude ehiza trofeoak izango balira bezala.
Bitxia iruditu zaizu eta barrura sartu zara. Berehala zerbait arraroa sumatu duzu. Ezaguna egin zaizun aurpegi baten aurrean gelditu zara. Bat batean konturatu zara zure 3D erretratua dela hor zintzilik dagoena.

Nola iritsi da/zara galeria horretako paretara? Nork lapurtu du zure irudia? Buru ¨ehiztariaren¨ izena Heather Dewey-Hagborg artista da. Hori jartzen du behintzat erakusketako posterrean. Katalogo bat eskuratu duzu. Atarikoan zera dio: “inspirazio une hori terapia saio batean nengoela suertatu zitzaidan. Horman zintzilik zegoen markaturiko estanpa batean zegoen piltzadura bati so geratu nintzen. Piltzadura horretan bazegoen ile bat. Horretan pentsatuz galdu nintzen eta itxuraz garrantzirik gabeko ile hura norena izan zitekeen irudikatzen hasi ere. Are gehiago, saiatu nintzen ilearen jabeak zer itxura izan zezakeen imajinatzen. Saioa bukatuta, oso argi konturatu nintzen pertsona bakoitzak bere egunerokotasunean atzean uzten duen aztarna genetikoaz. Zer ezaugarri fisiko identifika zitezketen txikle zati batean edo zigarro-mutxikina batean utzitako ADN-tatik galdetzen nion nire buruari. Hurrengo urratsa aztarna genetiko horietariko batzuk ausaz jasotzea zen. Ikertze zientifikoa burutu eta gero itxura fizikoaren erretratua berreraikitzen dut 3D formatuan ADN-ean aurkitutakoan onarrituz”.

Zure erretratuaren aurrean iltzatuta geratu zara. Blade Runner, Gattaca eta Minority Report bezalako filmak etorri zaizkizu burura. Eta hotzikara bat sentitu duzu bizkar hezurretik gora. Dolly izeneko ardi haren izenaz akordatu zara. Eta galeriatik ateratzeko beharra sentitu duzu. Eta aterako bidean zoazela, agian, atera behar duena zu ez zarela pentsatu duzu. Agian, oraintxe atea gurutzatu duena eta mundura atera dena zure iguala den ezezagun bat da. Agian, paretan esekita geratu dena zu zara. Zigarreta bat behar duzu.