hurrengoa
kalera kelara borrokalari kalera    New York-eko geografiak eta biografiak ezagutzeko film ugari dagoen arren, gutxik du 1979an Walter Hill-ek zuzendu zuen The Warriors mitikoaren kutsurik. Hippien ametsa amets gaizto bihurtu da. New York punkaren munduko hiriburua da. Gotham hiria dirudien honetan amaitu da maitasunaren uda. Sistematik at geratu direnek beren legea ezartzen dute auzo eta kaleetan. Banden aroa da.

Jenofontek kontatzen zuen epopeia batean oinarritzen da The Warriors. Kontakizun hartan, etsaiez beteriko Asia mendebaldeko lurraldeetatik grekoek egindako ihesaldia kontatzen zaigu. The Warriors-ek istorio hura New Yorkera ekarri, eta soldaduak bandengatik aldatzen ditu. Hauxe da filmak kontatzen duena: New Yorkeko banda nagusiko buruzagiak hiriko bederatzi banda nagusiak biltzen ditu hiriaren iparraldean. Bertan banden arteko su etena eskatzen du. Hirian 60.000 banda kide daude, eta, guztiek bat eginez gero, 20.000 poliziak aise garaituko dituztela dio. Baina bere hitzaldiaren erdian, norbaitek tiro egiten dio. Eta errua Coney Island-eko The Warriors bandakoei egotziko diete. The Warriors bandako kideek, orduan, NY gurutzatu beharko dute iparraldetik hegoaldera, beren auzora iristeko. Ihesaldi horretan, hiria gurutzatu eta beste bandetako partaideekin borrokatu beharko dute.

Sistemak gizartea kontrolatzeko erabiltzen dituen azpijokoak agerian geratzen dira filman. Bandek bat egin behar dutenean, botereak bere tentakuluak erabiltzen ditu batasun hori hausteko. Asfaltoari pegatuta egindako bidaia izateaz gain, garai hartako hirira eginiko bidaia ere bada The Warriors. The Warriors-eko partaideentzat Coney island-eko itsas ertza da salbazioa... Bitxia benetan itsasoari bizkarra emanda bizi den hiri honetan.