• 1
  • 2
hurrengoa
nuyorican poets cafe    Arraroa da Manhattango B eta C etorbideen artean dagoen 3. kalera iritsi, eta jende ilara luzea ikusten ez den asteburua. Neoirik gabeko lokala da, eta grafitiz gainezka egiten duen pareta erraldoietan galtzen da bertan idatzita dagoena: The Nuyorican Poets Café.

Barrura sartu, eta ikuslegoa edozein txokotan jartzen da, poeta, MC edo bestelako artistaren batek seduzitua, entretenitua edo hipnotizatua izateko. Minutu gutxiren buruan, atzera bueltarik ez dagoela jabetzen zara: hitzek saskibaloi baten moduan errebotatzen dute zure buruan, eta Staten Island-ko rapera baten hitz-metrailetaren doinuaz, edo bere headphoneak kentzeko keinurik egin ez duen 18 urteko poeta horren begiradarekin
harrapatuta geratzen zara. Badakizu E3 kaleko 236. zenbakira itzuliko zarela.

70eko hamarkadan Miguel Algarin poetaren etxeko egongelan hasi ziren bilera haiek, Manhattango hego-ekialdeko punturik beroena bihurtu dira. Egun, Tompkins Squaren inguruan paseo bat ematen duzunean, modan dauden jatetxeak eta tabernak ikusita, nekez irudika dezakezu duela soilik hamabost urte zonalde horretan spanglish-a zela hizkuntza nagusia, eta leihoetan Puerto Ricoko banderak zirela nagusi. 60eko hamarkadatik aurrera, puertorycan-ek berea egin zuten hiriko ¨auzo gorria¨. Loisada izena eman zitzaion Lower East Side spanglish-ez. Aurretik, etorkin alemaniarrak, Europa ekialdeko judutarrak, irlandarrak eta italiarrak egonak ziren zonalde honetan. South Bronx eta Harlem hispanoan bezalaxe, Loisadako komunitate puertorycan-ak pobreziak eta kriminalitateak jota bizi zuen bere egunerokoa. Baina hango kaleetan jaio eta hezitako artistek eta intelektualek ez zioten auzoari bizkarra eman, eta geratu egin ziren. Ordura arte beren kultura eta jatorria mespretxuz erabiltzeari buelta eman, eta haiek bihurtu ziren ikur berria. Haiek ziren, eta dira, ¨Nuyorican¨-ak. Gizarte eta politika harrotasuna eta baieztapena; iraganeko eta egungo marjinazio
garaietan, New Yorken Puerto Rico-koa zer den agerian uzten duen ahotsa.

Agian, Nuyorican Poets Café-ra hurbiltzen zaren aukera horietako batean, lau pareta hauen artean aritutako poeta ezagunen bat topatuko duzu: “La
Bruja del Bronx”, esate baterako, mingain zorrotz eta bertso azkarreko emakumea, South Bronx-en jaio eta hezitakoa; edo Flaco Navaja kantari eta aktorea, “poetry slam” gauetan trebatua. Agian, oraindik ezezaguna izan arren, XXI. mendeko musika eszena iraultzeko jaio den rapero gaztearekin topo egingo duzu; akaso ez du izango puertorycan jatorria, baina gauza bat segurua da: ¨nuyorican¨ izango da.