audio
hurrengoa

77

Bide Ertzean

Euskal gizartearentzan urte esanguratsua izan zen
1977. Testuinguru horretara bidaiatuta osatu du
Bide Ertzean taldeak disko berria. Hirukote moduan, eta estudioan zuzenean grabatuz, soinu gordinagoa bilatu dute beren ohiko pop dotorea osatzeko. Suso Saiz arduratu da ekoizpen lanaz, eta, kantu akustiko eta biluziekin batera, distortsioaren eskutik datozen “Bilatuko zaitut” bezalako abesti bikainak osatu dituzte.

hurrengoa

Interiors

Glasser

Delorean taldearen lan berrian abesten entzun dugu Cameron Mesirowen ahotsa. Glasser proiektu musikalaren atzean Interiors estudioko bigarren diskoa aurkezten digu orain. Rem Koolhausen Delirious New York liburuan oinarritua dago lan berria, eta Van Rivers ekoizlearekin elkarlanean osatu du. Arkitektura elektronikoz betetako kantuak dira “Shape”, “Landscape” eta “Keam Theme”, eta pop argitsua erakusten dute.

hurrengoa

Last night on earth

Lee Ranaldo and The Dust

Kutsu apokaliptikoa du Lee Ranaldoren disko berriak. The Dust taldearen laguntza izan du beste behingoz, eta gitarren soinuen eta zaraten arteko nahasmenarekin lortu dute ideia hori. “The Rising Tide” da erakuslerik garbiena; Sonic Youthen “Sugar Kane” gogorarazten digun kantu horrek. Diskoak eskaintzen digun noise dosi indartsu hau abesti luzeei esker gauzatu dute: “Black out”ek hamabi minutu irauten ditu.

hurrengoa

Comfort

Maya Jane Coles

Deep House doinuak pop erritmoekin nahasteari esker, eta, batez ere, kantuak grabatzeko izan dituen ahots kolaboraziokin, elektronikaren eszenan urteko diskoa argitaratu du Maya Jane Coles ekoizle gazteak. Tonu misteriotsua erakusten duten “Burning bright”, “Come home” eta “Easier to hide” bezalakoen alboan, dantzalekua betetzera datorren “Everything” aurkituko duzu.

hurrengoa

Lisa & The Lips

Lisa & The Lips

Lisa Kekaulak eszenatokia betetzeko duen indarra The Bellrays taldean ezagutu genuen. Kontzertu ahaztezinak eskaini zituzten garai batean. Punk doinuak alboratuz, eta Rockaren eta Soularen arteko nahasketan oinarrituta, Bellrays, Diamond Dogs eta True Loves taldeetako kideekin osatutako proiektu berriarekin dator orain. “Mary XMas”, “You Might Say” eta “Stop the DJ” arimaz betetako kantuak dira.

hurrengoa

Anthem

Being Berber

Talde hasiberria da Being Berber. Atlas mendikatera egindako bidaia baten ondorioz sortu zuten taldea, eta han izan zuten gidatik hartu zuten izena. Anthem lehen EPan, pop melodia bikainez betetako kantuak eskaintzen dizkigute. Death Cab For Cutie eta 80eko hamarkadako pop elektronikoaren taldeen eragin zuzena erakusten dute. Kosta egingo zaizu “Deshielo” abestia gainetik kentzea.