hurrengoa
lou reed: bosteko bat aritz branton   Aforismoen arabera, guztion laguna, inorena ez; politikaz pentsatzen ez duela esaten duena, eskuindarra; euskal libururik onena Bilbao-New York-Bilbao dela esaten duenak, gutxi irakurtzen du euskaraz; Lou Reed-en abestirik onena Walk on the Wild Side dela esaten duenak, gutxi ezagutzen du Lou Reed-en lana. Eta zertarako ezagutu Lou Reed-en lana? Hona hemen bost arrazoi: 1/
White Light White Heat. Diskoa grabatzeko bi egun eman zituzten, eta hori nabaria da: diskoa gordina da, talde batena, espontaneoa ematen duena, baina, aldi berean, oso originala. Gordina, zaratatsua, esperimentala eta ikagarri ederra. Anabasa adierazten du. The Gift-en ipuin beltza; Here She Comes Now-en lirismoa; Sister Ray-en, ba, dena! Sister Ray goiz goizean jarri, bolumena topean, eta egunaz gozatu.

2/
Berlin. Pianoa, ahotsak, gitarrak eta orkestra. Nostalgia, tragedia, herri/maitale/gaztaromina... Hiri bat baino gehiago marrazten dira diskoan; hiru pertsonaia baino gehiago; egoera eta sentimendu anitz. Lady Day epikoa; Caroline Says II-en tristezia eta edertasuna; Sad Song sinfoniaren amaiera: >.

3/
The Blue Mask. Berriro banda batekin, besteak beste, Fernando Saunders eta Robert Quinekin. Lagun minei, emazteari eta bere buruari buruz abesten digu: serio eta, tarteka, dibertigarri:>. My House-ek oso giro berezia sortzen digu; The Heroine-n zuzentasuna; Heavenly Arms-en amodioa.

4/
New York. Txilinak ematen duten gitarrak; musika mota anitz. Gizarte kritika: esplotazioa, droga saltzaileak, politikari hipokritak eta erlijioa ikustarazten dizkigu. Dirty Blvd.-en kontakizuna eta abesbatza; Sick of You-ren gogaitasuna; Dime Store Mystery-ren edertasun atonala. >.

5/
Berlin. Hogeita hamabost urte beranduago, disko osoa jo zuen berriro hainbat kontzertutan, eta Julian Schnabel-ek filmatu zuen New Yorken. Zenbait musikarik jatorrizko diskoan ere jo zuten: Steve Hunter gitarra-jole zoragarria, esaterako. Schnabel-en irudiak eta zuzendaritza egokia baino egokiagoak dira. Bandak diskoaren bertsio fidela egiten du, oso, eta, aldi berean, kontzertua freskoa, espontaneoa da. Soloak eta inprobisazioak ez dira falta; orkestra ederki aritzen da; abesbatzarena ederra da. Eta ez galdu Anthony Hegartyren Candy Says. Miraria.


Bai, Lou Reed-ek hasieran aipatu dugun abesti hori idatzi zuen, baita askoz gehiago ere. Gozatu eta partekatu. Bosteko bat, eta gora Lou Reed!