hurrengoa
kale argazkilariak    Azken bost urteotan, argazkilaritzaren munduak sekulako aldaketak pairatu ditu. Jarduera anitza izaki, argazkilaritza dokumentalak bereziki pairatu du aldaketa teknologikoen eta komunikabide ereduaren krisialdia. Aldaketek bestetik, aukera eta bide berriak jorratzeko aukerak zabaldu dizkie argazkilariei. ander gillenea

Alderrai... Birmingham city... non demontre dago hemen giroa... hemen ez dago errepide eta lantoki triste eta hutsik besterik ala? Hau alferrikako ibilaldia motel, giroa ere ilundu zaigu bat batean... ez ba, errepide zatar baten azpian gaude baina metro batzuk harago argitsu dago berriz ere... eskerrak aurrean dugun lantoki huts eta errepide azpi honetako iluntasuna metro gutxitan desagertuko den behintzat...“Loading Bay” dio barruan, zamalanetarako erabiltzen al dute sarrera hau? Ez du bada mugimendu handirik honek... norbait dator, 10, 9, 8, 7 pauso sarrera parean egoteko, kamera alboan dudanez argazkia egingo dut tipoaren pasaeran... barrura doa ezustean... klik ... barrura sartu orduko, Loading Bay... ezerezera.


andoni lubaki

Uneoro agertzen zaie putrea zelatari, gizen eta barrezka lurrari itsatsita dauden juje eta armadunei keinu egiten. Aspaldi agertu ziren putreak Irakeko zeruetan. Putre beltzak. Esperantzarik ez dagoen tokietan agertzen omen dira txori hauek. Handiak dira, itzal erraldoikoak. Hegan egitean kaleak iluntzen dituzte, zuria grisa bihurtu eta grisa beltz. Azkar joan ziren beste txoriak Baghdaden, baita euren kantuak ere. Putreak nonahi baina. Usoak museoetan ikusiko dituzte Irakeko haurrek. Plastikozkoak izango dira ordea, Baghdaden ez baitago bizi den txoririk. Putre beltzak nonahi. Itzal erraldoiko putreak. Burdinazko putreak agintariei keinu egiten. Bake usoak ere plastikozkoak dira Baghdaden, badaezpada.

gari garaialde

Maite ditut liturgia antzeko bat dauzkaten momentuak, igandetako arropak, aiton-amonek paga eman eta korrika litxarkeriak erostera joaten diren haurrak, helduak korroetan biltzen... Animali sozialak, ohiturazkoak garela erakusten didate. Holakoetan, erne jartzen naiz, kamera listatu eta jendeari so geratzen naiz. Atsegin dut korro horien artean paseoan hastea, egingo dituzten keinuak aurreikusten saiatzea, zertaz dabiltzan asmatzea, zeintzuk diren irudikatzea. Jendearen mugimenduak eta jarrerak, ingurua...

josu trueba leiva

Kale argazkigintzak irudi bakoitzaren armonia bisuala bilatzen du ene ustetan, instant errepika gaitz batean gertatzen den ekintza edo gertakizun anekdotikoa. Aukeratutako marko barruan dauden elementuen ordena, duen argiarengatik, besteen gainetik gailenduko den kolore bat, edo besterik gabe, norberak duen burutazio arraroren bat da bilatzen duena, errealitatearen berezko elementuak mantenduz, kale paisaiarekin konbinatuz; Normalean elementu horiek lagun anonimoekin erlazionatzen direlarik.