argazkilaritzaren pisua    Smartphonea poltsikoan daramagunetik, eta egindako argazki horiek sare sozialen bitartez partekatzeko aukera dugunetik, gu guztiok bihurtu gara argazkilari. Hori da, behintzat, smatphoneek eta sare sozialen industriak esaten digutena. Azken urteetan, pasatzen den egun bakoitzean, argazkilaritzaren historia osoan baino argazki gehiago egiten da. Gainera, telefono mugikorrekin egindako argazkiek duten itxura bihurtu da ia argazki dokumental ¬®egiazkoaren¬® estetika. Facebook, Instagram, Flickr, Pintrest eta abarrek historiako unerik gorenenera eraman dute argazki kontsumoa. Hor dago, hain zuzen ere, egungo
argazkilari profesionalaren erronka nagusia: irudi kutsadura masibo horretan bere lana bereiztea eta bereizgarri izatea.

Ez genuke, ordea, ikuspuntu ezkor batetik aztertu nahi argazkilaritza dokumentalaren egoera. Aldaketa garaiotan, bide eta aukera berriak ere sortzen ari direlako. Nostalgiak, askotan, memoriatik ezabatzen digu duela ez hainbeste argazkilaria agentzia handien eta komunikabideetako editoreen menpe izaten zela. Egun, argazkilariaren eta hartzailearen arteko harremana askoz zuzenagoa izan daiteke, hain zuzen ere lehen aipatutako teknologia aurrerakuntzei esker. Argazkilariek proiektu bereziak jar ditzakete martxan beren kabuz, bitartekaririk gabe. Rob Honstra argazkilariak eta Arnold Van Bruggn idazleak, adibidez, The Sochi Project sortu zuten, eta bost urte daramatzate olinpiar jokoak ospatu diren eskualde errusiarrean lanean.

Adibide bat besterik ez da. Paywall, crowdfunding eta bestelako finantzaketa aukerak erabiliz, gero eta argazkilari gehiagok egiten du lan zuzenean bere proiektua ikusteko ordaintzen duten ikusleentzat. Sarean, argazkilariak bere proiektua abiatzeko aukera du, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari diren online aldizkarietara ere jo dezake. Makina bat dira argazkilaritza dokumentala lantzen duten aldizkari interesgarriak: Posi+tive, The 37th frame, Chambre Noire, Blue Eyes Magazine, File, Bokeh, Vwed, Social Documentary, Lunatic... Bestetik,
dirudienaren kontra, ugaritu egin dira argazki-liburuen argitalpenak. Eta garrantzitsuena, paperezko argitalpenen aukera ugari eta merkeagoei esker, argitaletxe txikiek eta independenteek ere, bestela argirik ikusiko
ez luketen lanak argitaratzen dituzte. Argazkilaritza dokumentala lantzen duten paperezko aldizkari berriak sortu dira; (F8)Magazine eta Huck, esate baterako. Begi bistakoa bada ere, ez dugu esan gabe utzi nahi argazkilariak ez direla sekula desagertuko, guztiok argazkiak egiteko aukera badugu ere. Argazkilariaren begia da argazkia egiten duena, ez argazki-kamera.