hurrengoa
bostok bat    Zerk bultzatu zintuzten elkartu eta Bostok sortzera?

Gogoak eta beharrak. Argazkilariaren lana bakarkako lana izan da historikoki. Berau bakarrik joan da argazkiak atera beharreko tokira, berak errebelatu karreteak, bera joan editoreengana, etab. Talde lana oso aldi puntualetan bakarrik ematen zen. Gure ustez, talde lana indartu eta bultzatuaz gure argazkiek indar gehiago izango lukete. Askotan material on bat izanda ere ahul sentitzen ginen inoren laguntzarik gabe. BOSTOK hori konpontzeko sortu zen, talde lanaz indar gehiago hartu, lan hobeak eta gehiago sortzeko alegia. Gaur egun, lan taldeak eskaintzen dizun plataforma hori gabe oso zaila da argazkilaritzaz bizitzea, are gehiago egiten duzun argazkilaritza motak kutsu sozial bat badu. Gainera, ardura gure esku hartzeak ere ilusioa handia egiten zigun.

Argazkilaritzan eta komunikabideetan gertatu diren aldaketekin, zeintzuk dira XXI. mendeko argazkia agentzia baten erronkak?

Uste dut argazkigintza (orokorrean hartuta) eta fotokazetaritza ezberdin tratatu behar ditugula, ez baitio denei berdin eragin. Galdera horri erantzuteko lehenbizi eta behin argazkiaren balioaz jabetu behar dugu. Gure memoriak (bai norbanakoarenak baita kolektiboak ere) irudi estatikoak gordetzen ditu. Irudiez baliatuz ikuslea emozionatzea edo kitzikatzea errazagoa da argazkiak (onak) erabilita beste medioekin baino. Hori beti horrela izan da gizakia margotzen hasi zenetik. XXI. Mendean ere hori horrela da. Sekula baino irudi gehiago egiten dira, baita kontsumitu ere. Aldiz, argazkilaritza sekula baino debaluatuago dago. Agentzi eta komunikabide handiek lehenbiziko kaleratzeak argazkilarien artean egiten dituzte. Horrek ez du esan nahi argazkiak argitaratzeari utziko diotenik, badakitelako zein indar duen. Begira bestela Liberation egunkariak ateratako argazkirik gabeko ale hura Horregatik, erronkak aldatu baino, formak aldatu dira. Gizakiak mundua ulertu nahi istorioak behar ditu, hurkoari gertatzen zaiona kontatuko dituen istorioak. Istorio onak izan eta sakon landu ezkero beti piztuko du interesa zure lanak. Horretan baino finantziazio sisteman dago erronka, baina lehen esan dugun bezala, istorio onak izan ezkero, beti dago norbait prest zure lanarengatik ordaintzeko. Gizakiak, gizartearen parte izateko, istorioak eskertzen baititu.

Gutariko bakoitzak poltsikoan argazki kamara bat daraman garaiotan zein da argazkilariaren papera?

Gutariko askok kotxea dugu baita ere eta ez gara denok taxistak edo rally gidariak. Erabiltzen duzun tresna hori nola erabiltzen duzun da garrantzitsua. Guk gure argazki kamerak, inguruan zer gertatzen den kontatzeko edo urrutiko kontuak gurera ekartzeko erabiltzen ditugu. Zuk esan bezala denok dugu sakeleko telefonoan argazki kamara bat, baina ez gara denok argazkilariak. Edonork dauka boligrafo bat poltsikoan edo ordenagailua etxean eta idatzi egiten du (gutunak, mandatuen lista, baita blog bat egin ere) baina horiek ez dira idazle. Argazki batzuk istorioak kontatzeko erabiltzen ditugu, beste batzuetan azken orduko albistea irudikatzeko. Gure papera ez da “klik” egitea soilik, klik horri zentzua eta proportzioa bilatzea baizik. Hori da argazki kamara duen pertsona bat, argazkilari batengandik desberdintzen duena. Argazkilari profesionalen proportzioa, era analogikoarekin konparatuta igo egin da, baina argazki onen beharra ere igo egin da eta beti egongo da argazkilariaren ofizioa.