hurrengoa
werner herzog: alferrikakoaren konkista    Fitzcarraldo 1982an estreinatu zen. Filmak Brian Sweeney Fitzgerald-en (Fitzcarraldo) istorioa kontatzen du. Sustrai irlandarrak zituen Carlos Fermin Fitzcarrald peruarraren bizitzan dago oinarrituta. XIX. mendearen bigarren erdialdean, Amazonian bizi zen pertsonaia honek opera eraman nahi izan zuen Iquitos hirira, Manauseko adibideari jarraiki. Horretarako, kautxuaren negozioan sartu zen eta, besteak beste, barku bat eraman zuen ibai batetik bestera mendi bat gurutzatuz.

Beti izan da nire film kuttunetarikoa. Ez da zinemaren historiako film onenen zerrendan azaltzen, eta, ziurrenik, ez du merezi ere. Esango nuke ez dela Werner Herzog-en lan onenetarikoa ere, baina, ikusi nuenetik, ez zaizkit burutik joan filmaren pasarte ugari. Duela gutxi, liburu-denda batean, liburu azal eta izenburu batek erakarri zuen nire atentzioa: Alferrikakoaren konkista. Korrontearen kontra eginiko bidaia baten kontakizuna da. Koaderno batean idatzitako egunkari basati eta sukartsua. Film bat egitea abentura bat zeneko garaien kronika. Naturaren indarra eta edertasunak ez du oihana paradisu bihurtzen. Bertan bizi, bizirauten duten gizakien arteko harremana oso bestelakoa da. Haurrek soilik jolasten dute harremanik, gorrotoak bor-bor egiten du, txabola batetik bestera, familia batetik bestera, leinu batetik bestera mendeku giro batek dena bustiko balu bezala.

Orrialdeak pasa ahala, filmaren ekoizpenean sortutako arazo, gaizki-ulertu eta era guztietako gertakizunak ezagutzen ditugu. 80eko hamarkadaren hasieran ez zen unibertso digitala existitzen, ez telefono mugikorrik, ez eta zuzentasun politikorik ere. Herzog, Kurtz koronela balitz, infernu berdera eginiko muturreko bidaiaren pasarteak idazten ditu sukarrak jota. Lainoz arnasestuka eta nekaturik, arbolak mundu irreal batean zutitzendira, miseria irreal batean, eta ni, ulertzen ez dudan atzerriko hizkuntza batean idatziriko estrofa baten moduan, han nago, sakonki izuturik.


Klaus Kinskiren presentzia lotu gabe zegoenean, une batean, bere egunerokoan idatzi zuen, Fitzcarraldoren papera antzezteko prest zegoela. Itsasontzia mendi bat gurutzatuz ibai batetik bestera eramatea abentura epikoa bada, ez da gutxiago istorio horren filmaketa Amazonia erdian egitea. Azkenean, Kinskik antzeztu zuen papera. Eta ia-ia azkenekoa izan zen. Haren portaera zela eta, filman parte hartzen zuten Kanpa etniako extren buruzagiak Kinski akabatzeko asmoa azaldu zuen, eta baimena ere eskatu zioten Herzog-i. Herzogek eskerrak eman, baina ezezkoa eman zien. Badaezpada Kinski thegazkin batean sartu, eta Limara bidali zuen astebetez.

Filmaketa luzea eta zaila izan zen. Egunkari honen orriak pasa ahala, erraz jabetzen gara horretaz. Duela 30 urte oihan hartan gertatutakoaren kronikaren amaierara iristean, honako hau idatzi zuen Herzog-ek inongo solemnitaterik gabe: Gaur, 1981eko azaroaren lan, eguerdiko hamabiak pasata, lortu dugu barkua Camisea ibaitik Urubamba ibaira pasatzea, mendia gurutzatu ostean. Gauza bat esatea soilik falta da. Nik guzti honetan parte hartu dut.

Herzogek berak honela esango zuen, aurrerago, liburu honi buruz: filmatzen dudana baino hobeto idazten dut. Mami gehiago dago idatzi hauetan nire film guztietan baino.