• 1
  • 2
hurrengoa
zezen basatia    Pampako Zezen Basatiaren estatistikak:

40 borrokaldi

33 irabazi

33 KOz

6 galdu

1 ez aurkeztua


“Dempsey eta Firpo”, George Wesley Bellows, 1924

Zer kontatzen du koadro batek? Zein da koadroak kontatzen ez duen istorioa? Zer ezkutatzen da koadro baten atzean? Hori galdetzen diot nire buruari pintura baten aurrean nagoenean. Horregatik, ez naiz asko joaten museoetara. Milioika istorio azaltzen dira bat batean, eta buruak eztanda egiten dit. Londoneko National Gallerytik atera behar izan nuen duela ez hainbeste. Stendhal sindromea dela esatea gustatuko litzaidake, edertasunak arnasik gabe utzi ninduela. Baina ez. Milaka koadro horiek, geruzaz geruza, planoz plano metatzen dituzten istorio infinituen pisuak aterarazi ninduten museotik.

Dempsey and Firpo izeneko koadro hau George Bellows-ek pintatu zuen 1924an. Hilabete batzuk lehenago, 1923ko irailaren 14an, ¨mendeko borrokaldia¨ gisa aurkeztua izan zena ospatu zen New Yorkeko Polo Grounds Stadium-ean, 80.000 ikusleren aurrean. Kartelean, Jack Dempsey txapeldun estatubatuarra versus Luis Angel Firpo argentinarra.

Lehendabiziko asaltoa hasi, eta bi boxeolariak beren etsaia markatzen hasi dira. Dempsey, faborito izateak ematen zion harropuzkeriaren doinuari jarraiki, ohi baino dantzariago. Firpok hankak lonazko zorura pegatuta, geldirik. Tinkoegi, akaso. Dempseyk ezker besoaz botatzen dizkion marka ukabilkadak erraz iristen dira Firpok besoak uzkurtuta babesten duen gorputzera. Lehen asaltoaren hasieran, Firpok apenas altxatzen du begirada aurkakoaren bularretik gora. Defentsa. Defentsa. Dempsey dibertitzen ari da. Firpok, bere aurkakoaren begietara begiratzen duen lehendabiziko aldian, hankak lona zoruan sustraitu eta, bat-batean, ezkerkada bortitz bat botatzen du Dempseyren matrailhezurrera direkto. Dempseyk oreka galdu eta atzera pauso bat ematen du. Ez daki zer gertatu den. Ez du ikusi etortzen. Ez zuen espero. Zutik eusteko beste pauso bat ematen du. Ez da nahikoa. Hirugarren atzera pausoa ematera doanean, oin azpitik lona desagertu egiten dela sentitzen du. Ring-eko soken kolpea sentitzen du bizkarrean amildegian behera jausten denean.

Lehen asaltoaren erdian gaude, eta, instant amaigabe batean, 80.000 ikusleak isilik geratu dira. Dempsey kazetarien mahai gainean erori da, eta idazteko makina batekin ebakia egin du. Idazteko makinak arma arriskutsuak dira. 14 eta 17 segundu igaro dira ring-etik kanporatua izan denetik. Arbitroak, ordea, 9 soilik zenbatu ditu. Dempsey, kazetariek lagunduta, ring-era igo da berriro. 48 fotograma segunduko eginiko zenbaketari esker, Dempseyk ez du galdu K.O-z. Firpok ez du irabazi K.O-z.

Bigarren asaltuan, Dempsey osatu egin da, eta hiru bider bota du Firpo lonara. 57 segundu besterik pasa ez direnean, Dempsey knock out irabazle izendatu dute. Oihuak eta txaloak. Amorrua Firporen ring-aren ertzean. Damon Runyon kazetari newyorkatarrak, bere idazteko makina/arma hartuta, hurrengo egunean tiro egin zuen: Firpo ¨Wild Bull of the Pampas¨ izenez bataiatu zuen. George Bellows pintoreak ere Zezen Basatiak Dempsey handia ring-etik atera zueneko unea aukeratu zuen bere koadrorik ezagunena bihurtuko zena margotzeko. Estatistikek ez bezala, arteak merezi zuen boxeolariari eman zion garaipena. ¨Mendeko borrokaldiko¨ memoriak Dempsey ringetik jausten eta Zezen Basatia zutik eta tinko gogoratuko ditu betirako.

post scriptum

Garai hartan iritsi zen NYCra Battling Siki boxeolari senegaldar trebea. Urte batzuk beranduago, Hells Kicheneko kale batean asasinaturik hilko zen. Baina hori boxeoaren museoko sotoek gordetzen duten beste koadro/istorio bat da.