hurrengoa
zaldiez eta gizakiez maider gomez inchauspe   Hross i oss (Zaldiez eta gizakiez). Islandieraz bi hitzek erro bera dutela jakinda (oss), are nabarmenagoa da bi ugaztunen arteko harreman estua. Islandiatik heldu zaigun film eder honek gizakiez eta zaldiez hitz egiten digu, eta, Azken Donostiako Zinemaldian ikusi genituen filmen artean, gehien asebete gintuena izan zen. Zine garaikidean gertatzen den entretenimendu vs autorezinema arteko polarizazioa hausteko gai den film bakan horietakoa da Hross i oss. Tarte batez, aktore lanak utzi, eta kamaren atzean jarri da Benedikt Erlingsson zuzendaria, eta begirada propioa eta proposamen inteligentea duen film entretenigarria sinatu du. Gizakiez eta zaldiez hitz egiten duen lana filmatzeko, ez du Islandiaz dugun klixea apurtu nahi izan Erlingssonek. Estereotipo hori areagotu ere egiten duela esan genezake. Nola ulertu, bestela, Islandiako paraje eta herri isolatu batean kokatzea istorioa? Existitzen al da Islandiako paraje isolatu bat baino gauza isolatuagorik?

Egungo garaian kokatuta dagoen arren, edozein garai isla lezake. Kontatzen zaizkigun maitasunek eta tragediek ez dute denboraren iraganaren dependentziarik. Filmeko sei istorioek, independenteak izanik, badute loturarik elkarren artean. Hain isolaturik dagoen eremu batean, iristen da une bat ezen ezinezkoa baita guztiz isolaturik egotea. Atal bakoitza zaldi baten plano itxi batekin hasten da. Oso solasaldi gutxirekin, askotan film mutu baten aurrean gaudela iruditzen zaigu. Modu eder eta sinplean barneratzen ditugu bi eta lau hankatako izaki berezi horien abenturak eta desbenturak, “kaurismaki” usainaz zipriztinduta.

Ezin aipamenik gabe utzi filman azaltzen direnen antzezpen naturala. Bi hankatakoek, keinu eta nabardura minimoei esker, beren pertsonaien geruza gordeenetan barneratzen gaituzte, sinesgarritasun itzela lortuz. Ikusgarria da, halaber, lau hankatakoek zein natural egiten duten zaldiarena kamararen aurrean (kar, kar,kar). Bergsteinn Bjoergulfsson argazki zuzendariak isolatuta dagoen uhartearen zonalde isolatuetara joateko gogoa besterik ez digu pizten.