hurrengoa
quay bros    amesgaiztoak filmatzea amesten zuten anaiak. Anaia siamesek amets berak izaten al dituzte? Gorputzeko zer atal partekatzen duten erabakigarria izan daiteke erantzun bat emateko orduan. Eta bikiek? Amets bera izaten al dute? Zerbait irudikatzen dutenean, irudi bera etortzen al zaie burura? Ez dugu, egia esan, galdera horietarako erantzun zientifikorik, baina Quay anaien kriptofasia zinematografikoa datorkigu burura. Quay bikiek, Stephenek eta Timothyk, ez dute gorputz-atalik partekatzen. Amestu, ordea, berdin amesten dute: Europako ekialdeko herrialdeetatik jasotako istorio, ipuin eta misterioekin; haurtzaroan telebistan ikusten zituzten marrazki bizidun arraroekin; AEBtako jaioterria utzi eta Londonera Arte Ederrak ikastera joan zirenean deskubritu zuten mundu zaharrarekin; paisaia esoteriko eta onirikoekin; Kafka, Calvino, Schultz eta beste hainbat idazleren istorio fantastikoekin…

Quay bikiak zinemaren artisauak dira. Beren filmetan den dena egiten dute. 1970eko hamarkadan hasi zirenetik, ez dute lan egiteko modua aldatu. Panpinak sortu, jantziak, eszenografiak, argiak, kamera mugimenduak, muntaiak… Beren kabuz egiten dute prozesu guztia. Jainko bikoiztu baten modura, beren garunetan irudikatzen dituzten munduak sortzen eta filmatzen dituzte. Film labur formatuan aurkeztu ohi dituzte beren lanak; beste askoren artean, The Cabinet of Jan Svankmajer, Street of Crocodiles, In Absentia, Inwentorium sladow piezak aproposak izan daitezke biki hauen unibertso pertsonalera hurbiltzeko . Baina kontuz ibili. Quai anaien izakiek zure erretina gurutzatzen dutenean, arrastoa utziko dutelako zure amesgaiztoetan.