hurrengoa
mikroskopioan sortu zen ate monumentala    Rene Binet arkitekto frantsesak landare eta oskoldun espezie ezberdinen morfologia aztertu eta naturak erakusten zizkion eraikuntza molde, lotura eta formak bere lan ezberdinetan erabili zituen.

Natura eta biologiaren ikerketa horretan oso lagungarri izan zitzaizkion Ernst Haeckel biologo eta ilustratzailearen lanak (ikus the balde 52). Haeckelek, mikroskopioari esker, espezie ugariren morfologia ikertu eta marraztu ahal izan zuen. Binetek, garaikidea zuen Ernst Haeckelen ilustrazio horiek ikertu eta bere lanen inspirazio iturri bihurtu zituen.

Art Nouveu, Art-Deco eta Parisen modan zegoen “Orientalisme” mugimenduaren ikurretako bat bihurtu zen Binet bere lanei esker. Haeckel-en bi dimentsioetako ilustrazioak hiru dimentsioetako objektuetan bihurtuaz, altzariak, lanparak, solairuetarako baldosak eta bestelako objektu ugari diseinatu zuen. Lorategi diseinatzaile gisa ere lan ederrak egin zituen Paris inguruko hainbat jauregi eta etxe aristokratikoetan. Baina bere lanik ezagun eta garrantzitsuenean eraman zuen muturrera naturak eskaintzen dituen irtenbide morfologiko eta estetikoen
aldeko apustua.

Haeckel-ek, ozeanoetan dauden radiolariak (ameba protozooak) irudikatuz eginiko litografiak izan ziren, 1900. urtean Parisen ospatu zen Erakusketa Unibertsalerako eraiki zuen Porte Monumentale-aren oinarri. Mikroskopioetan ikusten ziren radiolaria fosilen hezurdura mineral garatu eta polimorfikoak ardatza hartuta, garairako teknikoki ausarta eta estetikoki guztiz extralurtarra zen arku edo atea eraiki zuen. Erakusketa hartatik, nagusiki, Gustave Eiffelek eginiko dorrea geratzen zaigu, baina hau gaitzetsi gabe, egun, Binet-en Porte Monumentale-a gurutzatu ahal izatea zein ederra litzatekeen pentsatzea ezin dugu saihestu.