hurrengoa
landare pozoitsuen paradisua    Medici familiak lorategi botaniko eder eta ezaguna eraiki zuen Roman gonbidatu eta bisitei harrera egiteko. Paduan eraiki zuten lorategia ordea oso jende gutxik ezagutzen zuen. Bertan landatzen ziren landare pozoitsuak zaintzen zituzten lorazain eta medikuek besterik ez. XX. mendearen erdialdean, dukesa izendatu berri zuten emakume batek, Paduako lorategi hartan inspiratuta, landare pozoitsu eta narkotikoei eskainitako lorategi botaniko paregabea sortu zuen. Alnwick lorategi botanikoko burdinazko ate nagusian forjatutako, kaskezurrek, ohartzen dute bisitaria: These plants can kill (landare hauek hil zaitzakete). Eta oharra ez da turistak erakartzeko marketin estrategia bat. Lorategi honetan ehundik gora landare pozoitsu dago. Beste askoren artean Atropa belladonna (belaikia) ezaguna, Strychnos nux-vomica (estriknina) edo eta Conium maculatum (astaperrexila). Alnwick lorategi botanikoan badira ukitu, edo eta usaintze soilarekin hilgarriak izan daitezkeen landareak eta arrazoi horregatik zaintza eta ziurtasun neurri bereziak dituzte. Nor da landare uzti hauen Poiso Ivy? Ez, ez da Uma Thurman mono estu berde bat jantzita. Eta ez da ere The Cramps-eko gitarjolea mono estu beltza jantzita. Monorik hesturik janzten ote duen ez badakigu ere, beste biekin batera hirukote ederra osatuko luke lorategiko sortzaile eta arduraduna den Jane Percyk. 1995. urtean Jane Percy-ren senarrak, bere anaiaren heriotza zela eta Duke of Northumberland titulua heredatu zuen...eta tituluarekin batera Alnwick izeneko gaztelua.

Alnwick gaztelua nahiko egoera pattalean zegoen eta duke eta dukesa berriek hura zaharberritzeko lanean hasi ziren. Gezurra dirudien arren, batzuetan zinema zure etxera datorrenean ere lagungarri suertatu daiteke ( ikus 36-37. orr.). Harry Potter sagako lehen bi pelikuletan azaltzen den Hogwarts da hain zuzen ere Alnwick gaztelua. Jane Percy berehala jabetu zen gaztelu haren inguruko terrenoak berezi samarrak zirela. Ikertzen hasi eta lorategia, 1750. urtean Capability Brown izeneko paisajista ezagun batek diseinaturikoa zela deskubritu zuen. Lorategiak mendeetan zehar aldaketa ugari izan zituen. XIX. mendean viktoriar lorategien erreinuan italiar kutsuko lorategi bakarrenetakoa zen. 2. mundu gerran, lorategiak izaki bizidunak direla argi geratu zen, egunero platera betetzeko elikagaiak hazteko baratza izatera pasatu zenean. 50. hamarkadatik aurrera abandonaturik geratu zen. Jane Percy-k, Northumberland-ko dukesa berriak, nortasun berri bat emango ziola erabaki eta landare pozoitsuei eskainitako lorategia sortzeari
ekin zion. 2005. urtean ireki zituzten heriotzaren berri ematen dizuten kaskezur burdin ateak. Landare pozoitsuez gain, medizinan erabiltzen diren sendabelarrak eta landare narkotiko ugari ere dago. Azken hauetako asko, gobernuak emandako baimen bereziekin landatuta eta burdin kaioletan literalki preso. Lorategian 24 orduko zaintza berezia du lapurreta eta ¨istripurik¨ gertatu ez dadin.

Ez dugu hala ere Northumberlandera joan behar landare pozoitsuak ikusteko. Egun, dozenaka jantzi marka buruz dakizkigu, baina landareak landare, txoriak txori eta arbolak arbola besterik ez diren garaiotan ez gara kapaz gure inguruan ditugun landareen ezaugarriak ezagutzeko. Eta bertan, gure hirietako erdiguneetako lorategi domestikatuenetan ere topa ditzakegu landare pozoitsuak. Esate baterako Gipuzkoako armarrian azaltzen den haginaren (taxus baccata) fruitu eta azalaren pozoia erromatarren garaietatik da ezaguna. Baso eta bide inguruetan hazten den kuku-praka (digitalis purpurea) ederra, dosi txikietan erabilita sendabelarra da eta dosi handiagoetan hilgarria izatera iritsi daitekeena. Eta beno, gero landare narkotikoena ere dago, baina horiek, horiek ziur askoz hobeto ezagutzen dituzue... alprojak!