hurrengoa
munduko poesia etxeratzen: beñat sarasolarekin hizketan    Munduko Poesia Kaierak bildumarako nola aukeratu dituzue poetak? Zein irizpide jarraitu duzue?

Halako proiektuetako autore hautaketa beti izaten da eztabaida iturri, aukeraketa oro bezala bestalde. Batek esango du poeta hau edo bestea falta dela, hango hark nolatan itzuli den beste hori… Tira, ez dugu kanon bat ezartzeko inongo interesik nahiz eta jakin badakigun halako “zerrenda” bat osatzea ez dela jolasa eta erreferentzialtasun bat beti izango duela. Aukera bat zatekeen aurretik ezarritako zerrenda hertsi bat osatu eta horren arabera itzultzen joatea. Hau da, derrigorrez-itzuliak-egon-behar-diren poeta zerrenda bat egitea eta hortik itzultzaileak bilatzen hastea. Guk beste bide bati ekin diogu ez dugulako horretarako mediorik (enkarguak ordaintzeko gaitasunik) ezta arestian aipatutako kanonizatzeko borondaterik. Hala, poetak itzultzaileen eta neronen artean aukeratzen ditugu. Itzultzailearen gustu eta interesetatik abiatuta eta proiektuaren beharrei erantzunez akordio batera iristen gara. Aukeratutako poeta garrantzia handikoa izan behar du bere literatura nazionalean, ezin izan daiteke autore hasiberri edo anekdotiko bat. Honekin batera bilduma orekatua izan dadin nahi dugu; orekatua poeten tradizio literarioari dagokionez, jatorrizko hizkuntzari dagokionez, generoa, estiloa eta abar.

Bildumaren aurkezpenean, antologiak izango zirela eta sinpletasunera jo duzuela aipatu zenuen, jendeak irakurriko dituen poesia kaierak egin nahi dituzuela eta ez unibertsitateetan ikertzeko liburuak… Irakurtzeko ez den poesia argitaratzen al da ba?

Bon, bada irakurtzeko ez den poesiarik –zentzu positiboan diot–, arte bisualetarantz egiten duten poesia formak esaterako –gaur egun baduena halako entzutea Kenneth Goldsmith medio eta abar–, baina gurean apenas dugu horren aztarnarik. Artzeren gauza batzuk kenduta ezer gutxi.
Aurkezpenean esan nuena beste ildo batetik zihoan hala ere. Kaierak ez dira izango edizio kritiko edo akademikoak. Zuk diozun bezala, ahalik eta edizio soilenak egiten saiatu gara. Edozein literatur zalek maite ditu edizio kritikoak, jakina, baina kontua da gurean aurretikako gabezia nabarmenak ditugula oraindik. Zertarako egin edizio kritikoak ez badugu poesia itzuliaren irakurle korpus minimoa ere? Ez egoteagatik ez dago ezta ikertzaile korpusik ere. Zenbat tesi aurkeztu dira adibidez Euskal Herrian azken hamar urteotan poesiari buruzkoak?

Literatura berez, beti da guda galdu bat. Beti dago askoz gehiago itzultzeko itzultzeko aukera edo gaitasuna baino. Eta poesian are gehiago. Zergatik uste duzu itzultzen dela hain poesia gutxi euskarara?

Bai, hala da, poesia halako izaera tragiko heroiko batekin lotzen da maiz. Topikotik asko duela iruditzen zait haatik. Sarritan entzun dugu Euskal Herrian ez dagoela poesia itzultzeko gaitasunik. Nire ustez, ez badago poesia itzultzeko gaitasunik ezta prosa modernoa itzultzekoa ere. Langa perfekzioan ipiniko bagenu ez genuke ez itzultzailerik ez idazlerik ez artistarik ezta metereologorik ere.
Poesia gutxi itzultzearen arrazoietako bat, bada, aurreiritzi hori dela esango nuke. Horretaz gain, orain arte egin diren saiakerak ustel samarrak suertatu dira zoritxarrez, besteak beste kopuru baxua dela eta. Horregatik abiatu dugun proiektuan tiradak ahalik eta gehien doitzen saiatu gara, harpidedunen bidez esate baterako.

Euskaraz poesia irakurtzen duenak badu interesa beste hizkuntzetan idazten den poesiarekin.. edo euskarazko poesia delako soilik irakurtzen du?

Zaila zait neurtzen hori egia esan baina esango nuke, oro har, euskaraz poesia irakurtzen duenak beste hizkuntzetan ere irakurtzen duela. Gaur egun inork ez du lotsarik esateko “poesiarekin ezin dut”; idazle prestigiodunenak ere esan dezake hori inor eskandalizatu gabe. Beraz, inor ez dago militantzia gaizkiulertu baten kariaz bere borondatearen kontra aritzera beharturik, zorionez. Agian euskaraz poesia irakurtzen duenak proportzioan gehiago irakurtzen du euskaraz, baina besterik ez. Ea orain euskaraturik irakurtzen duen ere.

Nicolás Suescún poeta eta itzultzaile kolonbiarrak dio poesia, ez dela itzulpenean galtzen, hain zuzen ere itzulpenean geratzen dena dela…

Ez nuen aipua ezagutzen baina ederra da bai. Lehen esandakoarekin loturik dagoen kontua da. Mistizismo sobera dago poesiaren inguruan eta hobe genuke guztiok kontua naturaltasun handiagoaz hartuko bagenu. Gutariko askok munduko poesia denbora luzean espainieraz jaso izan dugu batik bat eta inork ez du jarri kolokan hori. Zuk Ezra Pound-en Cátedra-ko Cantos-en edizioa irakurri baduzu lasai asko esan dezakezu Pound irakurri duzula. Bada garaia euskaraz ere hori esateko aukera izateko. Esateko Georg Trakl irakurri dut edo Anne Sexton edo Eugenio Montale edo Sakutaro Hagiwara.