hurrengoa
punctum    Gauzei argazkiak ateratzen dizkiegu gure burutik uxatzeko...

franz kafka
Asko idatzi da argazkilaritzaz eta poesiaz. John Berger-ek The Look of the Things bezalako saiakeretan begiradaz aipatutakoak behin baino gehiagotan aipatu ditugu the balden. Susan Sontag-en Photography liburua ere klasiko bat da. Bertan aipatzen du idazle estatubatuarrak. Aipamen hau, lagungarria izan daiteke poesiak eta argazkilaritzak bat egiten duten eremu lanbrotsu hori ulertzerako orduan.

Parisera joan aurretik haurtzaroa Baionan pasa zuen Roland Barthes-ek. Aurrerantzean urtero itzuliko zen Lapurdira opor garaian. Euskaldunei hainbeste gustatzen zaizkigun basque-label datuak aipatu ostean, berez garrantzia ez baina hainbeste gustatzen zaizkigun beste datu-anekdota horietako bat aipatuko dugu. Pentsalari, idazle eta irakasle honen heriotza nola gertatu zen azalduko dizuegu. Ez zuen aipagai dugun La Chambre Claire (Camera Lucida) liburua argitaratua ikusi, 1980. urtean, liburua kalera atera baino egun batzuk lehenago furgoneta batek harrapatu eta hil zuelako Écoles kalean, Sorbona parean. Argazkilaritzari eskainitako liburu horretan, Studium eta Punctum kontzeptuak garatu zituen. Studium, argazkilaritzaren esanahi unibertsala izendatzeko erabili zuen. Guztiok ezagutzen eta konpartitzen ditugun balioak deskribatzeko. Punctum esanahi pertsonalari dagokio. Argazki batek hunkitzen gaituenean eta intimoa eta partikularra den zerbait esaten digunean. Askotan argazkiko protagonista nagusia baino detaile bat izan daiteke. Objektu bat, paisaia bat, ikur bat, eskuekin zakur bati eginiko laztan bat,... Zapore batek edo usain batek memorian bidaiatu arazten digun moduan, argazki batek edo argazki baten detaileak ere beste edonora eraman gaitzake. Gure garunen tolesturetan ezkutuan zegoena argitara ekar dezake.

Zentzurik ez zuenari zentzua eman. Pertsona baten haurtzaroa, opor garaietako geografia edo heriotza ezagutzeak pertsonaiaren ezagutza eta perspektiba intimoagoa ematen digun moduan.
Punctum-a, poesiak eta argazkiak bat egiten duten puntu eta instant hori da. Errealitatetik harago dagoen une errepikaezina. Estasi labur bat. Esanahi konkretua edo bere baitan diskurtso baten beharra ez duen unea. Argazkia ongi ikusteko begiak itxi egiten dituzun une hori...