laburrak in brief
hurrengoa

akuarium apokaliptikoa

Duela hamabost bat urte, Bangkok-eko lur azpiko New World supermerkatuak ateak itxi behar izan zituen. Inguruko eraikin batzuk bota egin zituzten, eta, orduz geroztik, zonaldea abandonatuta egon da. Beno, gizakiak abandonatuta. Duela gutxi deskubritu da urak hartu zuela gune hura, eta norbaitek koi arrainak libratu zituela han. Horiei eta ur-korronteak ekartzen dituen beste espeziei esker, ekosistema ikusgarri eta jasangarri bat sortu da.

hurrengoa

expogrow. Irailak 12tik 14ra

Aurreko urteetako arrakastari jarraiki, Expogrow itzuliko da Ficobara. Aurten hirugarren Foru kanabikoa ospatuko da, eta, beste batzuen artean, kartzelatik ia zuzenean Irunera etorriko den Marc Emery aktibista ezaguna izango dugu. Zirku karpa
erraldoia jarriko da kanpoaldean, eta makina bat jarduera bilduko ditu (zirkua, kirola, musika…). Kontzertuei dagokionez, Macka B & The Roots Band mitikoak entzuteko eta ikusteko aukera izango da.
Eta, besteak beste, Naâman, Lenacay, UGE eta Eskorzo Afrobeat Experience taldeak ere etorriko dira munduko hainbat tokitako bisitariak erakartzen dituen jaialdi honetara.

hurrengoa

zinemaldiak 62

Edizio berri bat. Erdi hustuta egon ohi diren aretoak beteko dituen zinema sukarrak hiria hartuko du beste behin. Europako ekialdeak azken urteotan eskaini digun zinemari eta Dorothy Arznerri (ikus zenbaki honetako artikulu berezia) eskainitako atalak aukera ederra izango dira zinefiloentzat, eta, urtero lez, izarren sinadura-ehiztariek ere izango dute beren aukera. Irailaren 19tik 27ra.

hurrengoa

liburuak mihise

Liburutegietan, tarteka, garbiketa egiten dute, eta hainbat liburuz libratu behar izaten dute. Mike Stilkeyk soberan dauden liburu horiek eskuratzen ditu, eta bere artelanen mihise bihurtzen ditu. Emaitza, ikusgarria…

hurrengoa

Violaine & Jeremy

Violaine Orsoni eta Jeremy Schneiderrek zuzentzen
duten diseinu eta ilustrazio estudioa da. Beren lanenartean, grafitoz eginiko ilustrazio liluragarriak daude. Guri, batez ere, naturaz eta pertsonaia harrigarriz betetako animali bizardunen saila gustatu zaigu.

hurrengoa

pathé egoitza berria

Pathé zinemaren historiarekin lotutako izen mitiko horietako bat da. Zinemaren jaiotzatik eguneraino jasotzen duen zinema artxibo izugarria izateaz gain, ekoizle, banatzaile eta zinema-aretoen jabe da Pathé etxea. Sortu berri duten fundaziorako, Renzo Piano arkitektoari hots egin zioten, eta hauxe da emaitza: eraikinen artean txertatutako arkitekturaren adibide ikusgarria.

hurrengoa

paperezko txoriak

Diana Beltran Herreraren paperezko txoriak erakutsi izan ditugu inoiz The balden. Azken aldian, ordea, jabetu gara teknika garatuz joan dela eta izugarrizko detailea duten paperezko txorien bilduma egiten dabilela. Ezin izan diogu paperezko lumadunak hemen erakusteari uko egin.

hurrengoa

argi indar postea instalazio gisa

Alemaniako Klasse Löbbert arte eskolan, etxetik urrun, topo gin zuten Ail Hwang, Hae-Ryan Jeong eta Chung-Ki Park ikasleek. Arte eskolatik gertu zeuden argindarra garraiatzeko egituretan erreparatu zuten, eta eraikin aspergarri horiei kolore apur bat gehitzea erabaki zuten. Kolorezko kristal akrilikoei esker, elizetako beirateen moduan, tenplua eraiki diote argindarrari.

hurrengoa

getxophoto

Beste behin, iraila argazkiaren hilabetea izango da Getxo-Algorta ingurunean. Borroka kontzeptuaren inguruan arituko dira aurtengo argazkilari gonbidatuak Getxophoton. Ohikoa den moduan, argazkiak kalera ateratzeaz gain, tailerrak, hitzaldiak eta beste hainbat ekimen izango dira hilabete osoan zehar. Beldurrik gabe esan dezakegu, aurten behintzat, borroka dela bidea.

hurrengoa

thee silver mt zion

Godspeed You! Black Emperor talde mitikoaren pausoei jarraiki, lau urteko isilunearen ostean, lan berri bat kaleratu du musikari kolektibo honek, "Fuck Off Get Free We Pour Light on Everything" izenburu liluragarriaz. Montrealgo taldearen musika eder, hedonista, punk eta desesperatuaz zuzenean gozatzeko aukera izango dugu, abuztuaren 26an, Biarritzeko L´Atabalen.