hurrengoa
dorothy arzner: salbuespen ikusiezina    Dorothy Arzner (1897-1979), Hollywoodeko urrezko aroan estudio industrian zuzendari gisa lan egin zuen emakume bakarra, zine zale askorentzat ere izen ezezaguna da. Berak zuzenduriko pelikulen artean The Wild Party (1929), Anybody’s Woman (1930), Sarah and Son (1930), Honor Among Lovers (1931), Working Girls (1931), Merrily We Go to Hell (1932), Christopher Strong (1933), Nana (1934), Craig’s Wife (1936) edo eta The Bride Wore Red (1937). Pelikulotan garaiko izar handienak izan zituen bere agindupean: Clara Bow, Katharine Hepburn, Fredric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O’Hara edo eta Joan Crawford. 30 eta 40. hamarkadetako Hollywoodeko zuzendari garrantzitsu honen lanek ordea ez dute garaiko beste zuzendari ezagun askoren arrakasta bera izan. Bere pelikuletan, pertsonaia femeninoek protagonismo berezia izateaz gain, garai hartarako nortasun eta jarrera oso aurreratuak zituzten. AEBtako gizarte puritanoan, Dorothy Arzner, 1930. urtetik hil arte Marion Morgan izeneko dantzari eta koreografia sortzailearekin bizi izanak ere lagundu du, bere lana hain luzaroan armairuan gordeta izateko.

Dorothy Arzner-en gurasoek kafetegi bat zuten Hollywood-en eta Charles Chaplin, William S. Hart eta Erich von Stroheim bezalako zine izarrak bertara joateko ohitura zuten. Dorothy gazteak zine munduko jende ugari ezagutu zuen bertan baina zinema ez zen bere bokazioa. Unibertsitatean lizentziatu ostean, I guda mundialean anbulantzia gidari gisa ibili zen. Gerratik itzultzean kazetari gisa hasi zen lanean baina zinema berriro gurutzatuko zen bere bizitzan. Oraingoan William C. DeMille zuzendaria izango zen (Cecil B. DeMille ahaltsuaren anaia). Hark Paramount konpainiako gidoi departamentuan lan egiteko eskaintza egin zion eta bertan hasi zen lanean. Nortasun eta lan gaitasun handiko emakumea, gidoigintzaz gain muntaiaren sekretuak ere ikasi zituen eta epe laburrean Hollywoodeko muntatzaile izarra bihurtu eta 52 pelikulatik gora muntatu zituen. James Cruze zuzendariak, Rodolfo Valentinorekin egin zuen Blood and Sand (1922) pelikulan filmaketako bigarren unitatea egiteko aukera eman zion. Eta une hartatik aurrera ez zen atzera bueltarik izan. Bidea ez zen erraza izan. Paramounti hordagoa bota zion. Ez bazioten pelikularik zuzentzen uzten, Columbiara, konpetentziara joango zela esan zien. 1927. urtean zuzendu zuen bere lehendabiziko filma, Fashions for Women eta urtebetera bere lehendabiziko soinudun pelikula zuzendu zuen Manhattan Cocktail. Emakume batek zuzentzen zuen lehendabizikoa. Dorothy Arznerrek ekarpen handia egin zion soinudun zinemari, eszenak plano irekietan filmatu ahal izateko, arrantza kanabera batean mikrofonoa eseki zuen lehendabiziko zuzendaria izan zelako, modu horretan ¨jirafa¨ mikrofonoa asmatuaz. 1933. urtean Amerikako zuzendarien sindikatuan izena eman eta hamarkada askotan, bertan emakume bakarra izan zen. 1943. urtean, gaixotu eta erretiratu egin zen. Itzuli nahi izan zuenerako Hollywoodeko industria asko aldatu zen eta ez zuen bertan tokirik topatu. Hala ere, armadarako eta publizitatean lan egin zuen. Bere laguna zen Joan Crawford aktoresa, zine izarra izateaz gain, Pepsi-Cola enpresako zuzendaritzako kidea ere bazen eta kola edari ezagunerako iragarki ezberdinak eskatu zizkion. Aurten, Donostiako Zinemaldiak eskaintzen dion atal berezia esker, Arznerren filmografia ezagutu eta gozatzekoa aukera paregabea eta errepikaezina izango dugu.