paperpapers
hurrengoa

hemen naiz, ez gelditzeko baina

markel ormazabal

Ormazabal izan zen 2007ko otsailean Esperantza pilotalekutik eramandako gazteetako bat. Gizartean ekintzaile politiko izango ziren asko sei urteko zulo batean sartu zituzten. Eta zulo hartan sortu zen izenburutik etorkizunari itxaropenez begiratzen dion liburu eder hau. Kartzela, edo, hobe esanda, metakartzela generoaren barruan sailkatu genezakeen liburu honetan, hausnarketaz eta salaketaz gain, ez dira falta umorea eta poesia. Eta musika. Soinu-bandarekin datozelako liburuko kontakizun guztiak. Iratxe Retolazaren gibelekoak ere merezi du.

hurrengoa

the tattoo coloring book

megamunden

Tatuajeak egitean, lehenik eta behin, tinta beltzezko lerroak zizelatzen dira azalean. Segidan, itzalak eta bolumenak marrazten dira, eta amaierarako uzten da koloreztatzea. Liburu honek eskaintza hori egiten du, hain zuzen ere. Berez, marrazkiaren oinarria ematen digute, guk nahi dugun moduan koloreztatu ahal izateko. Zure seme alabei etorkizuneko lanbide bat eskaini nahi badiezu, alboratu ohiko jolas koaderno moñoño horiek, eta jarri semealaben eskuartean dragoiak, kaskezurrak tigreak eta labanak.

hurrengoa

memoriak. mikel laboaren biografia bat

memarisol bastida

Marisol Bastidak urteetan zehar idatzitako memoria liburu honen azalean, Zumetak ongi azaltzen du liburuan ezagutuko dugun dualtasuna: batetik, Laboa kantari ezaguna; bestetik, Laboa senar, lagun eta aita. Interesgarria da ia 400 orrialde dituen liburuan barneratzea, Laboa pertsonaia Laboa pertsona bihurtzen duelako. Gure herriko azken hamarkaden errepasoa egiteko ere baliagarria da: azken 50 urteetan, kultur arloko protagonista direlako Mikel Laboaren inguruan. Marisol Bastidaren moduan itzalean izaten diren pertsona argi horien garrantziaz jabetzeko ere baliagarrai zaigu memoria liburu hau.

hurrengoa

maite dut lorena

martinez oronoz

Paperpapers sail honetan, paperari egiten diogu gorazarre. Papera lehengai gisa erabilita, bertan idatzi, marraztu edo argazkiak argitaratze soilarekin konformatzen ez diren lanen erakusleiho izan nahi dugu. Eta baldintza horiek guztiak betetzen ditu paper urdin ederrean jantzita iritsi zaigun kutxa-liburu zoragarri honek. Kutxa barruan, aukera ugari ematen dizkiguten irudiak dauzkagu, orrialde solteetan: irudi puzzleak egiteko, poema bisualak konposatzeko, marrazkiek iradokitzen dizkiguten hitzekin jolasteko. Altxorraren mapa gordetzen duen altxorra bera da Maite dut.