hurrengoa
cumbia planet    1940. urtean norbaitek esan izan balu Kolonbiako taberna eta dantzaldi herrikoietan soilik entzuten zen doinu honek mundua konkistatuko zuela, barre algarak besterik ez zituen entzungo inguruan. Baina hamarkada horretan hasi zen, birus bat bailitzan, gaurdaino iritsi den cumbiaren zabalkunde isil eta kutsakorra.
Herrialde berrietan, garapen are kutsakorragoa izan zuen cumbiaren birus hark: cumbia argentinarra, cumbia txiletarra, cumbia boliviarra, cumbia dominikarra, cumbia ekuatoriarra, cumbia mexikarra, cumbia peruarra, cumbia venezuelarra, cumbia uruguaiarra... Eta garapena ez da soilik geografikoa izan; birusak hainbat mutazio pairatu ditu: cumbia villera, technocumbia, cumbia sonidera, cumbia dance, cumbia hop, cumbia reggae...

Cumbiaren oinarria, beste doinu askorena bezala, Amerikako indigenen musikak eta esklaboek ekarritako erritmo afrikarrek bat egin zuten garaian dago. Denboraren poderioz, musika espainiarraren eragina eta musika-tresna berriak gehitu zitzaizkion. Cumbiaren ADNaren ezaugarria horixe baita, era bateko eta besteko musika eta estilotatik edateko eta moldatzeko duen gaitasun itzela. Ez da existitzen garai eta eremu berrietara hobe moldatzen jakin duen musika estilorik. Cumbia izenaren etimologia ere ez dago garbi. Ikerlari batzuen iritziz, cumbé ¨beltzen dantza¨ hitzetik etor liteke. Beste ikerlari batzuek Cumbague buruzagi indigena parrandero eta dantza zalearen izenetik datorrela esaten dute. Afrikako jatorria zuten kumba, kumbe edo kumbi danborrak izendatzeko hitza espainiar hizkuntzara moldatzean cumbia izena sortu zela diotenak ere badira. Baina Cumbiaren ezaugarri nagusia, hain zuzen ere, bere definizioaren definizio eza da.

Cumbiak kutsatzeko eta kutsatua izateko gaitasun izugarria du. Ez du beste hainbat musikek ¨purutasunarekin¨ duten obsesioa. Cumbiak badaki musika oro dela hasiera-hasieratik nahasketaren emaitza. Eta akaso horregatik, bere aurreiritzi gabeziagatik, iristen den toki orotan, herri xehearen musika bihurtzeko gaitasuna du. Bidaiatu ahala, bisitatzen dituen geografien doinuak bere egiten ditu konplexurik gabe cumbiak. 60eko hamarkadan, Argentinako langile eta etorkin auzoetan hartu zuen indarra. Horren garapena egun hain ezaguna den cumbia villera da. Mona Rodriguezek eta haren gisako kantariek milaka pertsona jartzen dituzte dantzan asteburu oro, hiri periferietako villetan antolatzen diren dantzalekuetan. Mexikon, organoa eta perkusio elektronikoa gehitu zioten, eta horren emaitza dira, batetik, estudioetan nahasturiko technocumbia eta cumbia sonidera estiloak, eta, bestetik, zuzeneko emanaldi eta berbenei esker herrialde osoan zabaldu den cumbia grupera dantzagarria. Perun izan zuen bilakaera oso bitxia izan zen. Cumbiak 60eko hamarkadan eztanda egin zuenean, Perun rock and roll doinuak oso popularrak ziren, eta, horregatik, cumbia andina delakoak gitarra elektrikoen eta rock and roll erritmoen eragin handia du. 60ko eta 80ko hamarkaden arteko garaia cumbiaren urrezko aroa izan zela esan daiteke.

Komunikazioen garapenak globalizazioaren aro berriari bide eman zion, eta musika angloa Latinoamerika osoan sartu zen. Baina horrek ez zuen cumbiaren bazterketa ekarri. Esan dugun bezala, cumbiak sekulako moldatzeko gaitasuna du, eta gaitasun horren emaitzak XXI. mendearen hasera honetan cumbiak bizi duen loraldian ikusten ditugu. Cumbiaren jaioterrian, Kolonbian, Bonba Estereo taldeak mundu osoa konkistatu du, cumbia, elektronika, reggae eta rap nahasketarekin; Puerto Rico-ko Calle 13 ezagunek kolonbiar cumbia eta cumbia villera doinuak erabiltzen dituzte beren konposaketa mutanteetan;
Ingalaterratik datozkigun Los Chinches kolektiboaren proposamen dantzagarriek ere hautsak arrotu dituzte; aipatzekoak dira, halaber, Los Peyotes taldeko gitarra-jole ohiaren Rolando Bruno y su Orquesta Midi proiektuaren garage-cumbia-yeye doinu dibertigarriak; Las Taradas neska-talde argentinarrak egiten duen cumbia tradizional eta swing eta soka soinuen nahasketa ederra; Los Olestar argentinarren cumbia-punk azkar eta zorrotza... Asko dira cumbia barneratzen duten proposamen berritzaileak eta moldaerak. Ezin ditugu hemen guztiak aipatu, baina ez ditugu artikulu honetan aipatu gabe utziko, gurean, Joxe Ripiauk sortutako cumbia doinuak, edota Mursegok, bere ahotsari eta talentuari esker, egin duen cumbiaren aldaera Cumbia villera de la ciudad armera kantuan.