hurrengoa
the fall    Britania Handiko telesailak ezberdinak dira. Zertan? Istorioak kontatu eta filmatzeko moduan. Ikus-entzunezkoetan ¨britaniarra¨ adjektibo gisa erabili liteke. Historikoki telesail britaniarretan muturreko proposamenak topa ditzakegu: 1963. urtetik agertzen eta desagertzen joan den Doctor Who bezalako telesail amaitezinak; edo gure haurtzaroko amesgaiztoak elikatu zituen Into the Labyrinth bizarroa edo eta Benny Hill-en abentura eta kalenturak. Egungo serie britaniarren joera bestelakoa da. Film luze baten itxura duten kapitulu urriko telesail motzak. Apenas dozena erdi ataletan istorio liluragarriak garatzen dituzte. Esate baterako Luther, Black Mirror, Peaky Blinders, Utopia,... Horien artean, iaz BBC2 estreinatu eta kateko azken hamar urteetako audientziarik onenak lortu zituen bost ataleko The Fall telesail itzela.

The Fall telesailean hiri bat, Belfast, eta bi pertsonaia dira protagonista nagusiak. Gillian Andersonek maisuki antzezten duen Stella Gibson polizia eta telesailaren lehendabiziko segundutik ezagutzen dugun Paul Spector hiltzaile sikopata, Jamie Dornan aktoreak antzeztua. Hain zuzen ere horretan datza telesailaren arrakastaren sekretuetako bat. Ikusleak hiltzailea lehen segundutik ezagutuko du, ez soilik hilketen unean baizik eta bere eguneroko jardunean. Bere familia ezagutuko dugu eta bere lan jarduneko arazoen testigu izango gara. Telebista albistegietan, hiltzaile baten berri ematen dutenean, norbaitek, hiltzailea pertsona jatorra zela esaten duenean Paul Spector etorriko zaigu burura. Emakume gazteen hilketekin ez da morboa soilik bilatzen. Hiltzailearekin batera, hilketa guztien prestaketen testigu izango gara. Narrazioaren ikuspuntuetako bat hiltzailearena izatea eta ikuslea, hilketa erritualen partaide eta hiltzailearen gezur eta bizitza bikoitzaren konplize bihurtzea da The Fall genero hontako
beste telesailetatik ezberdintzen duena.

Arrakastaren beste aurpegia Stella Gibson polizia da. Gillian Anderson aktoresari X Expedient telesaileko Scully-ren mailako pertsonaia eskaintzen diona. Gizonezkoen mundu batean, bere gaitasunez ziur dagoen emakume sofistikatua da Stella Gibson. Ziurtasun horrek inguruko gizonengan sortzen duen erakarpena eta beldurra baliatzen badaki Stellak. Sexuarekiko duen jarrera irekia, eta bere diskurtso feminista garbiak, gatazkak sortzen ditu bere inguruan, besteak beste, erahildako emakume biktimak ¨santuak edo putak¨ gisa soilik sailkatzen dakitela leporatzen dienean bere lankideei.

Bi pertsonaia nagusiak paraleloan ikusiko ditugu. Ikuslea da gertatzen ari denaren informazio osoa duen bakarra, eta horrek, pertsonaiekin sakonki inplikatzea eta gertakariak zirrara berezia bizitzea eragiten du. Eta katu eta sagu joko honen eskenatoki gisa, gatazka politiko-militarrak
banatutako gizarte bat eta politika, polizia eta kriminalen harteko ustelkeria harremanak. Guztia britainiarrek soilik filmatzen dakiten moduan. BBC-ko ekoizleek, zuzendari gisa Jakob Verbruggen belgiarra aukeratu zuten, hain zuzen ere, Belfasteko errealitatea begi neutroekin ikusiko zuen norbait nahi zutelako. Baina lehendabiziko fotogramatik telesail ¨britaniar¨ bat dela konturatzen gara. Komisaldegia, etxeak, hotelak, errepideak, autopsia gelak, bulegoak, jantziak,... benetakoak direnaren sentsazioa trasmititzen dute. Gauza bera gertatzen da pertsonai sekundarioen antzezpenekin, soinua lantzeko modu naturalarekin,...