hurrengoa
bonjour trisstese    1984. urtean, eraikina amaitu eta egun gutxira, norbaitek Bonjour Tristesse idatzi zuen haren fatxadan. Orduz geroztik, Berlingo Kreuzberg auzoko Schlesische kaleko 8. zenbakian dagoen eraikinak izen hori dauka, Bonjour Tristesse. Egun on, tristezia. Ez dakigu grafitia idatzi zuenak Françoise Sagan idazlearen nobelak bultzatuta, hala hartan oinarrituta egin zen filmak bultzatuta egin zuen. Akaso, Alvaro Siza arkitekto portugaldarraren eraikinaren barru eta kanpoaldean bizi zen tristura salatu nahi zuen bizilagun batek egin zuen... Ez da sekula jakin.
Alvaro Sizak 1980an jaso zuen eraikin bat egiteko enkargua. Gerrak suntsitutako eraikin batek utzitako eremuan etxebizitza sozialak egiteko eskaria jaso zuen, eta proiektuak 1987ko Nazioarteko Eraikuntza Erakusketarako amaitua behar zuen. Enkargua egin ziotenean, berrirakurketa urbano eta eraikuntza kritiko baten aldeko apustua egin zuen. Inguruko eraikinen ildo germanikoari jarraitzen dio, leihoei eta egiturari dagokionez, baina, azala egiteko orduan, gainazal leun eta ertz gabea eraiki zuen, etxe-aurre osoari eskultura kurbatu baten itxura emanez.

Arkitekturaren ekonomiaren eta praktikotasunaren aldarria egin zuen Sizak. Ideologia ezkertiarreko arkitektoa izaki, etxebizitzako biztanle berriei beren etxeak ahalik eta azkarren egiteko asmoa izan zuen hasieratik, eta, emandako epea baino bi urte lehenago,amaitu zituzten lanak. Eta, amaitu bezain pronto, eraikinak egun on esan zion tristeziari. Hasieran, Alvaro Sizari ez zitzaion batere gustatu grafitia, eta hura ezabatzeko eskatu zuen. Baina fatxada berriro margotzea ez zen batere merkea, eta, irtenbide bat bilatzen
zuten bitartean, tristezia agurtzen zuen pintadarekin maiteminduz joan zen Siza. Ziurrenik,
saudadearekin parekatzen zuelako. Grafitia ezabatzeko irtenbidea topatu zutenerako, etxe hartan habia egina zuen tristeziak.