hurrengoa
oparia    Lehendabiziko narrazio luzeak, errimaz idazten ziren, ziur aski, poetek, musikaz lagunduta errezitatu zitzaten. Homeroren Iliada eta Odisea kasu. Gerora, erromantzeak, erdi aroko narrazioak, kantatak eta operak ohitura horri jarraitu dio. Rock musikan ordea, poema laburrak bai, baina iraupen luzeko kantu-narrazio oso gutxi
gauzatu da. Aritz Brantonek dato zen zenbakietan argitaratuko ditugun horietako hiru aukeratu eta itzuli egin ditu. Lehena, The Velvet Underground-en The Gift. Oparia. Ipuin klasikoetan bezala, amaieran sorpresa bat eskaintzen duen Lou Reed-ek idatzita eta John Calek errezitatutako kantu-narrazioa.
Waldo Jeffers bere mugaraino iritsita zegoen.
Abuztuaren erdialdea zen eta horrekin Marsha gabe bi hilabete baino gehiago zeramatzan. Bi hilabete, eta askotan irakurri zituen hiru gutun eta bi distantzia-handiko deiak baino ez zuen erakusgai. Egia zen ikasturtea bukatu zenean, Marsha Wisconsinera itzuli eta Waldo Pennsylvaniako Locustera, neskak gutxi gorabehera leiala izango zitzaiola zin egin zuela. Noizean behin mutil batzuekin geratuko zen, baina ondo pasatzeko, besterik gabe. Fidela izango zitzaion.

Baina, azken aldian, Waldo kezkatzen hasita zegoen. Kostata lokartzen zen gauez eta, loak hartzen zuenean, amets gaiztoak izaten zituen. Gauean esna geratzen zen ohean, bira-biraka ohagaineko edredoi tolestuaren azpian, malkoak gainezka Marsha irudikatuz, promes sakratuak edariz eta neandertal baten laztan balakariz gaindituta, azkenean ahanzte sexualaren azken fereketan makurtuta. Gizaki baten buruak ezin zian hainbeste jasan.

Marsharen desleialtasuna irudikatuz bizi zen. Egunean zehar gehiegikeria sexualen ameskeriak buruan sartzen zitzaizkion. Eta kontua zen mutil haiek ez zitean Marsha ondo ulertuko. Waldok, Waldo bakarrak ulertzen zian. Senak lagunduta, Marsharen psikearen bazter eta zirrikitu guztiak harrapatu zitian. Barre eragin egiten zioan. Marshak Waldo behar zian, baina ez zegoan haren ondoan.

Ideia inauteriak hasi baino lehenagoko ostegunean bururatu zitzaion. Edelsontarren belardia moztu ondoren –dolar bat eta berrogeita hamar zentimo kobratuz– postontzian begiratu zuen, ea Marshak gutun labur bat, behintzat, bidali zion. Amalgamated Aluminum Company of Americaren iragarkia izan ezik –ea eguzki-oihalen bat behar zuem galdetuz– ez zegoen ezer. Haiek, behintzat, harengan arduratzen zituan.

Enpresa New Yorkekoa zuan. Postaz, edozein lekutara joan zukean. Eta orduan ideia kolpeka otu zitzaion. Ez zuan Wisconsinera modu ohikoan joateko adin dirurik, egia, baina zergatik ez postaz joan? Hain zuan erraza non barregarria baitzen. Pakete batean egingo zian bidaia, banaketa bereziaz.
Hurrengo egunean Waldo supermerkatura joan zen behar zuen tresneria erostera. Zinta amerikanoa, grapagailu bat eta neurri ertaineko kutxa kartoizko bat, bere tamainakoa, erosi zituen. Erabaki zuen gutxieneko mugimendua jasoz gero gustura samar ibiliko zela. Aire-zulo batzuk, ur pixka bat, beharbada ahamen batzuk eta, ziur aski, turista bat bezala joatea bezain atsegina izango zuan.

Ostiral arratsalderako, Waldo prest zegoen. Kutxan sartuta zegoen eta postetxekoek hiruretan haren bila joango zirela hitza eman zioten. Paketearen kanpoaldean “Hauskorra” idatzi izan zuen eta, barruan eta kiribilduta, ondo pentsatuta jarri zuen goma-aparrezko enbalagearen gainean, saiatu zen Marsharen aurpegia irudikatzen atea irekitzen zuela, miresmenez eta pozaz gainezka: paketea ikusiko zian, banatzaileari eskupekoa emango zioan, irekiko zian eta, azkenean, bere Waldo ikusiko zian hor. Musu bat emango zioan eta gero, beharbada, pelikula bat ikusiko zitean. Zergatik ez zuen ideia hau lehenago izan?
Bat-batean esku zakarrek paketea hartu zuten eta Waldok gora zihoala sentitu zuen. Kolpe batekin lurreratu zen eta kamioia abiatu zen.

Marsha Bronsonek ilea apaintzen bukatu berri zuen.
Oso asteburu gogorra izan zen. Gogoratu behar zuen horrela ez edaten. Baina Billek ez zion ezer gaitzetsi. Dena amaitu ondoren oraindik errespetatzen zuela esan zion eta, azken batean, izadiko kontu bat zen eta, eta maite ez zuen arren, txera bazion. Eta, azken batean, helduak ziren. A, Billek Waldori irakats ziezaiokeena… baina hori guztia duela urte asko geratu zela iruditzen zitzaion.

Sheila Klein, Marsharen lagun minik minena, arkupeko holtz -atetik sartu zen sukaldean. “Ai, ama, hori sargoria kanpoan.”
“Ba, bazekinat esan nahi dunana, lirdinga nagon, oso!” Marshak setazko ertzak zituen kotoizko bainu-txabusinaren gerrikoa estutu zuen.

Sheilak hatzarekin sukaldeko mahai gainean zeuden gatz ale batzuk hartu zituen, mihira eraman eta keinu bat egin. “Gatz pilula hauek hartzeko esan zidaten, baina,” eta sudurraren keinu bat egin zuen, “baina txahala botatzeko gogoa ematen zidaten.”
Marsha kokospe kolpe txikiak ematen hasi zen, telebistan ikusi zuen soinketa bat.

“Jainko maitea, hori ezta aipatu ere.” Mahaitik altxatu zen, harraskara joan eta hor botila bat bitamina arrosa eta urdinez beteta hartu zuen. “Nahi al dun? Xerra baino hobe direla esaten diten,” eta, orduan, saiatu zen belaunak ukitzen. “Ez dut uste daikiririk berriro edango dudanik.”

Ahaleginari utzi zion eta telefonoa gainean zegoen mahaitik gertuago eseri zen. “Beharbada Billek deituko din,” Sheilaren begiradari erantzuna eman zion. Sheilak kutikula bat hozkatu zuen. “Atzo ondoren, uste ninan ez huela berriro ikusiko.”
“Bazekinat esan nahi duana. Jainko maitea, olagarro bat bezala ibili zunan! Eskuak leku guztietan.” Keinuak egin zituen, eskuak
altxatuz bere burua babesteko. “Kontua dun, pixka bat beranduago, borroka egiteaz nekatzen haizela eta, badakin, ostiralean eta larunbatean ez ninan gauza handirik egin, beraz, nolabait, zorretan nengonan harekin. Ulertzen didan.”

Hazka hasi zen. Sheilak ahoa eskuarekin estali zuen, barreka. “Bada, egia esan, nik ere, une bat pasatu ondoren,” eta orduan aurrera makurtu eta isil-gordeka esan zion: “nik ere egin nahi egin ninan!” Ordurako ozenki ibili zen barrezka.

Eta istant horretan Clarence Darrowko Postetxeko Jameson jaunak egurrezko etxe handiaren txirrina jo zuen eta, Marsha Bronsonek atea ireki zuenean, lagundu zion paketea sartzen. Marshak paper zatitxo horiak eta berdeak sinatu zizkion eta egongelan zeuden amaren diru-zorrotik atera zituen hamabost zentimo eman zizkion eskupeko.

“Zer izango da, zer uste dun?” Sheilak galdetu zion. Marsha besoak atzean zituen antxumatuta. Egongelaren erdian zegoen kartoizko kutxa marroia tinko begiratu zuen.

“Ba, ezekinat.”

Paketearen barruan, Waldo, ahots motelduak entzunez eta zirraraz hunkituta, dar-dar egin zen. Sheilak azazkala kutxaren erdian zegoen zinta amerikanoaz pasatu zuen.

“Zergatik ez dun igorlea begiratzen, ea nork bidali duen?”

Waldok bere bihotzaren taupadak entzuten zituen. Oinkaden bibrazioa sentitzen zuen. Laster izango zuan.

Marsha kutxa inguratu zen eta tintaz trakets jarri zegoen etiketa irakurri.

“Ai, ama, Waldorengandik zetorren!”

“Babu hori!” Sheilak esan zuen.

Waldok, ilusioz jota, dar-dar egin zuen.

“Beno, berdin zain irekitzea,” Sheilak esan zuen.

Biak saiatu ziren hegal grapaduna altxatzen.

“A, arraio,” Marshak esan zuen, kexuka, “iltzeekin itxi din.”

Hegaletik berriro tiratu zuten.

“Jainko maitea, hau irekitzeko zulagailu elektriko bat beharko dinagu!” Berriro tiratu egin zuten. “Ezin diogu heldu.” Geldirik geratu ziren, arnasestuka.

“Guraizeak ekarriko ditun?” Sheilak esan zuen. Marsha sukaldera korrika joan zen, baina josketa egiteko guraizeak baino ez zuen
aurkitu. Eta orduan gogoratu zuen aitak tresneria sotoan zuela. Behera joan zen azkar eta, itzuli zenean, labana industrial handi
bat zuen eskuan.

“Aurkitu dudan hobea hau da.” Arnasestuka zegoen, oso.

“Tori, hik egin: hiltzear nagon.” Peluxezko sofa handi baten gainean murgildu zen eta arnasa bota zuen ozenki. Sheila saiatu zen zirrikitu bat zinta amerikanoaren eta kartoizko hegalaren artean egiten, baina labanaren ahoa handiegia zen eta ez zegoen egiterik.

“Pikutara joan dadila gauza hau!” esan zuen, erabat amorratuta.

Orduan, irri-barre batekin: “Badinat ideia bat.”

“Zer?” Marshak galdetu zion.

“Begiratu,” Sheilak erantzun zion, hatz bat kopeta altxatuz.

Paketearen barruan, Waldo hain zegoen paralizatuta non ia ezin baitzuen arnasa hartu. Larruan azkura zuen beroagatik, eta bihotzaren
taupadak eztarrian sentitzen zituen. Laster izango zuan. Sheila tente jarri zen, erabat, eta paketearen beste aldera joan zen.

Orduan belaunikatu egin zen, labanaren bi heldulekuei eutsi zien, arnasa sakona hartu zuen, eta xafla luzea paketearen erditik pasatu zuen, zinta amerikanoa zeharkatuz, kartoia zeharkatuz, enbalajea zeharkatuz eta –txlof!– Waldo Jeffersen burua zeharkatuz, zein apurtu zen pixka bat eta arku erritmiko gorri txikiak leunki dardarazi egin zituen goizeko eguzkipean.