kalea norentzat?
irudia
Administrazioek, erakundeek, udaletxeek eta halakoek kultur ekimen bat antolatzen dutenean, askotan, ahoa jantzi bai baino ipurdia agerian geratzen zaie. Bapatean, interes politikoagatik edo besterik gabe tokian tokiko kultur ardunadunaren kapritxoari jarraiki, komunikabide guztiak bilduko dituen ekimena antolatzeko burutazioa izaten dute. Modernismo haize bolada bat. ¨Kalea¨rekin konektatzeko beharra. Eta, argazkilari famatu baten aginduetara, hiriko “indar biziak” direlakoak biluztu egiten dira espazio publikoan, edo, musika-talde indie-pop baten doinuen konpainiaz, koadroetako alkandorak eta mantelak zabaltzen dituzte hiriko parkean pic-nic alternatiboa egiteko, edo eta hurrengo egunean egunkari eta komunikabide guztietan azalduko diren udaltzaingoak zaindutako grafiti muralen lehiaketak antolatzen dira.

Baina hizkera xelebrea duen bizardun kanpotar bat, urteko edozein egunetan, kaleetan barna bizikletan biluzik dabilenean, edo familia ekuatoriarra reggaeton edo kunbia soinu bandarekin parkera bazkaltzera doanean, edo eta grafitigile batek zentsuratik pasa gabe mural bat margotzen duenean, orduan, agintariek, udaltzainek eta komunikabideek oso bestelako jarrera izaten dute. Turismoa sustatzen edo kultura kudeatzaileen soldata justifikatzen ez duen jarduera oro ez delako kultura, delitua baizik.