hurrengoa
memoriaren mapa... maparen memoria    Hiriak etengabe eraldatzen diren munstroak dira. Eta "munstroari" jaten emateko beharrezkoa izaten da lur berria lortzea. Azken urteotan gure hiri inguruetako baserri eta landak desagertzen joan dira hazkunde honen mesedetan. Josu Tellabide eta Asier Agirresarobek Donostiaren hazkundeak desager arazi dituen baserri eta eraikinak jaso dituzte 101 bazter Donostiako liburuan. Donostiak, bere zabaltze prozesuan, bazterretan zeuden hainbat baserri eta lur sail desager arazi, edo zehatzago esateko, eraldatu egin ditu. Eta zoritxarrez, bazter hitza erabiltzen dugunean, ez da erabilpen inozentea. Garai bateko bazterra, hiriaren periferia nahi baduzue, eremu ezberdina zen, baserritarrak bere beharretara moldatutako paisaia. Ez dugu ordea irudi idiliko-folklorikoa soilik nabarmendu nahi. Gauza bera gertatzen bai da periferia industrialarekin. Hiriaren zabalkunde horretan ez da soilik nekazal mundua desagertzen joan, ingurune industriala ere suntsitu dugu. Gu, Europako bizi maila altuenetakoa dugunok, "behar den moduan" bizi gaitezen.
Mapen balioa egunerokotasunak jartzen du. Mapa errealitatera atxikitzen den heinean balio du. Liburu honekin ordea iraganaren mapei erreparatzen diegu. Mapa horietan kokatzen ziren baserri, plaza eta bestela eraikuntzei kasu egiten diegu. Horietako asko desagertu edo desagertzear daudelako, eta fisikoki existitzen ez badira ere hiritar eta herritarren memoriaren mapan bere tokia dutelako. Baserri, sagardotegi, lantegi eta eraikuntza ahaztu horien bitartez, gure memoriak hitz, ohitura eta pertsonen geografia horiek marrazten dizkigu.
Kontua ez da aitzineko oro mantentzea. Argi dago aurrera begiratu beharra dagoela eta bide horretan bai paisaiak, gauzak eta pertsonak desagertu behar izaten dutela. Gai honetaz hitz egiten dugunean, nostalgiak askotan nahiko kutsu erreakzionarioa izaten du. Baina ariketa ederra eta beharrezkoa deritzogu memorian garai batetako mapa horiek gordetzea. Eta horregatik dira eskertzekoak “101 bazter Donostiako” bezalako proiektuak.