hurrengoa
7 blade runner    Blade Runner. 1982. Bai, niri ere flipantea iruditzen zait. Philip K- Dick-en Do Androids Dream of Electric Sheep nobelan libreki oinarritutako filmak 30 urte baino gehiago ditu. Zinema-aretoetan estreinatu zuten duela gutxi, eta, pantaila handian eta jatorrizko bertsioan ikusteko aukera ordainezina denez, negu ondarreko gau triste eta euritsu horietako batean Donostiako Trueba zinena-aretora sartu nintzen. Blade Runner ikusten dudan bakoitzean, are gehiago gustatzen zait. Nola egin liteke halako film konplexua hain gidoi sinplearekin? Nola da posible, egun, 30 urte baino gehiago duen zientzia fikziozko film batek hain sinesgarri eta, era berean, liluragarri izaten jarraitzea? Zergatik erakartzen gaitu hainbeste hain inperfektua den Blade Runner-ek?

Istorioa 2019. urtean gertatzen da. Argi dago filmean azaltzen diren gauza askok ez duela islarik izango 2019an, baina esango nuke zientzia fikziozko beste edozein filmek baino askoz hobeto
jakin zuela etorkizuna asmatzen. Gauez, Shangai, Dubai, Hong Kong, Mexiko DF edo munduan barreiatuta dauden megalopoli horietako batean ibiltzea tokatu zaionak badaki zertaz ari naizen.
Munduak zerbaitetan bihurtzeko bidea badarama, hori Blade Runner-en mundua da.

Erreplikanteen bertsio ezberdinak esistitzen diren moduan, Blade Runner filmak ere bertsio eta
garapen ezberdinak izan ditu. Zazpi, zehatz mehatz.

1- 1982ko lehen kopia. Denver eta Dallas hirietako biztanle gutxi batzuek filmaren lehen bertsioa ikusteko pribilegioa izan zuten. Ilunegia zela susmatzen zuten ekoizleek antolatutako emanaldia izan zen. Bertsio honetan ez zen azaltzen hain aipatua izan den ¨amaiera
zoriontsua¨.

2- 1982ko bigarren kopia. San Diegon beste proiekzio bat antolatu zuten ekoizleek. Hiru sekuentzia kentzeaz gain, ¨amaiera zoriontsua¨ gehitu zioten.

3- AEBetako estreinaldi-bertsioa. Inork ezer ulertuko ez zuen beldurrez, ekoizleek off-ahots piloa sartu zuten. ¨Amaiera zoriontsua¨ inposatu zuten, eta Ridley Scott haserretu egin zen.

4- Nazioarteko bertsioa. AEBetako bera da, baina han kendu zizkioten biolentziazko hiru sekuentziak mantentzen zituen.

5- Light bertsioa. AEBetan estreinatu zen bertsioari beste bi minutu moztu zizkioten, bortitzegia zelakoan.

6- 10. urteurreneko bertsioa (1992). Aitzakia ederra izan zen “Director´s cut” delakoarekin beste bertsio bat estreinatzeko. Ridley Scottek amaiera zoriontsua kendu, eta unikornioaren
eszena sartu zuen.

7- 2007an, Scottek bere bertsio definitiboa aurkeztu zuen. Zinena-aretoetan berriro estreinatu den kopia, hain zuzen ere. Off-eko ahots asko kendu, amaiera zoriontsuaren trazarik ez, eta musikan ukitu batzuk egin zituen.

Blade Runner-en sekuela filmatuko dute 2016an, eta 2017an estreinatuko da. Ikustera joango gara. Jakina. Baina ez dio sekula itzalik egingo originalari (haren edozein bertsiotan). Blade Runner-ek misterioa eta magia duelako. Filmeko aktoreek, ezer berezirik egin gabe, beren bizitzako antzezpena egin zutelako. Zuzendariak, formularik gabe dabilen alkimista baten moduan, film-filosofala lortu zuelako. Ikusleok, oraindik, hipnotizatuta geratzen garelako, gizatasun eta maitasun istorio honekin.