hurrengoa
bron / broen: zubi bat ez da nahikoa    Telesail honen lehendabiziko berezitasuna izenburuan bertan topatzen dugu. Bi hizkuntzatan dago: danieraz eta suedieraz. Ez da erabaki linguistiko soila, edo zuzentasun politikoak eragindakoa, telesailaren ardatzean sustraitzen den bikotasuna baizik. Danimarka eta Suedia batzen dituen Oresund zubiaren erdian, muga-lerroa dagoen toki berean, gorputza erditik moztuta duen hilotz bat azaltzen da. Gorputz
erdi bat Suedian dago, eta bestea Danimarkan. Horrek Malmo eta Konpenageko polizia departamenduen elkarlana abiatzen du derrigorrez.

Bi polizia elkarlanean jarriko dira: Saga Noren, Asperger sindromea duena, eta Martin Rodhe familia burua. Malmoko Saga Noren poliziaren pisuak ikasle pisu batena dirudi. Saga apenas pasatzen da etxetik. Polizia komisaldegiko apaletan gordetzen ditu arropa garbiak, jantziz aldatzeko beharra sentitzen duenerako (sarriegi ez). Ah, eta 1977ko Porsche 911 berde bat eta haurtzaroko sekretu bat du. Martin Rhode eta bere familia zabala, berriz, diseinuzko etxe eder batean bizi dira; hartan ez dira falta Wegner aulkiak, Bolia altzariak eta Poulia lanparak. Eskandinabiar diseinuaren ikonoak; bizitza oso batean metatzen diren erosotasunak, eta segundu batean galdu litezkeenak.

2000. urtean ireki zen Oresund zubia. Bi hiri eta bi herrialde batzen ditu, baina bizilagunen arteko aurreitziak azaleratzeko lotura gisa ere primeran funtzionatzen du. Nordic noir telesail honetan ez dago tokirik postal turistikoarentzat. Egun oro dirudi gris koloreko udazken egun bat. Gau oro, hirietako argi artifizialek bakardadea
eta hotza islatzen dute. Garai bateko industriaguneetan, telecom eta teknologiaenpresak
daude orain. Iparraldeko herrialdeen ongizate sistema garatuaren azpian kapitalismo basatia ezkutatzen dela nabarmen uzten du telesailak.
Tramaren inguruan ez dugu ezer esango. Spoiler zaleak gara, baina jakin badakigu ez dela telesail ezagun horietakoa, eta ez genioke inori Bron/Broen honetaz gozatzeko aukera ukatu nahi. Aipatu ditugun bi hiri eta herrialdeen arteko aldeak eta polizia-ikerketa albo batera utziaz, telesail honen ardatza bi pertsonaia nagusiak
dira. Liluragarria da bi pertsonaiek lortzen duten kimika, sexuaren eta maitasun erakarpenaren komodinik erabili gabe.

Irailean estreinatuko da hirugarren denboraldia. Eta bigarrena nola amaitu zen ikusita, dagoeneko udazkenaren zain gaude.