hurrengoa
rey villalobos: otsoen etxean    Onartu behar dugu. Gero eta musika gutxiago erosten dugu. Eta ez da musutruk jaisten dugulako. Ez. Hori balitz sikiera. Ez dugu erosten, ez dugulako musika berririk entzuten. Ez dakit noiz sakatu genuen frenoa. Ez genuen guztiok batera egin, baina ia guztiok erabaki genuen, une jakin batean, ez geniola sortzen den musika berriari garai bateko garrantzirik emango. Musika aukera eta kanalen aniztasunak ekarri duen
saturazioak badu ziurrenik zerikusirik horretan.

Eta gure jarrerak ere bai. Zahartu hala kontserbadore bihurtzen gara. Jakina, belarriak beti daude prest zerbait berria entzuteko, edota dagoeneko maite ditugun eta gure biografiaren parte diren talde eta musikarien lan berriak entzuteko eta eskuratzeko; baina iruditzen zait, salbuespenak salbuespen, belaunaldi oso batek musika-ehiztari izateari utzi diogula, nolabait esatearren Baina belarria gogortu eta azala zimurtu arren, bizioa barruan izan duenak ezin du tentazioa saihestu, eta, tarteka, gure erraietaraino sartzen den aurkikuntza horietako bat egiten dugu. Niri, adibidez, horixe gertatu zitzaidan 2009an, Psylocibenean, guztiz ezezagunak zitzaizkidan Grand Archives deskubritu nituenean edo eta Moonpalace records argitaletxe bereziko 100 aleko tirada ordainezin horietan House of Wolves-en lehendabiziko diskoa entzun nuenean.

House of Wolves proiektuaren atzean dagoen otso bakartia Los Angelesko Rey Villalobos multi instrumentista da. The Coral Sea taldea sortu zuen, eta hartan jardun zuen 2004-2008 bitartean. Ambient musika eta art-rock gisa definitua izan zen beren estiloa. Bakarka hastea erabaki zuen, eta House of Wolves izena eman zion bere proiektu berriari, hain zuzen ere bere abizenaren ingeleserako itzulpena eginez. Folkera eta musika estilo gordinago batera hurbildu zen, baina ambienteak eta atmosferak utzi gabe... House of Wolvesek auto ekoiztu egin zuen bere lehenengo lana. AEBetan maila batean oihartzuna izan bazuen ere, Europan entzulegoaren erantzun ederra zuen Fold in the wind (2011) disko ahaztezinak. Eta ez da harritzekoa. Diskoa, bere osotasunean, Rey Villalobosen talentuaren paisaia zabala eskaintzen duelako. Diskoa irekitzen duen 50´s kantutik hasi, eta amaieraraino. “Follow me” kantua entzun nuen lehendabiziko aldian arnasik gabe geratu nintzen.

Aurten disko berria argitaratu du (gurean, Moonpalace records-ek 100 aleko tirada zaindua egin du beste behin). Eta zer esan Daughter Of The Sea lan honi buruz? Hasierako bihotzeko hura ezinezkoa da, baina aurreko lanean eskaini zizkigun kantu txiki eta intentsuekin datorkigu beste behin. Akaso aurrekoan baino biluziago, minimalago, nahiz eta pianoak batzuetan lirikotasun dramatikoz kutsatzen dituen kantuak. Kamara geldoan kantatzen duela dirudien Rey Villalobosek malenkonia eta itxaropena eskaintzen dizkigu. Disko berriko kantuekin “otso” izaten jarraitzen du, baina kumaldi ezberdin batekoak.

Argi dago artikulu hau fan itsu batek idatzia dela. Baina hasieran aipatu dut. Egun, odola izozten digun zerbait topatzea jada gertakari bat denean, hura ospatzeko beharra sentitzen dugu. Gauez, autoan, bakarrik gidatzen zabiltzanean, House of Wolves entzun eta malkoak begi labarretara etorriko zaizkizu. Eta gustatuko zaizu. House of Wolves ez da zure urtebetetze festan pintxatuko duzun musika hori. Baina, inoiz, House of Wolvesen musikarekin norbaitekin dantza egitea lortzen baduzu... ez duzu sekula
ahaztuko.