• 1
  • 2
hurrengoa
zorabiorako poltsa abestia    Ez da literaturaren historiara pasako den liburua. Azken aldian liburutegietako apalak inbaditzen dituzten liburu-objektu-gutizia horietako bat da. Beste hainbat jardueratan bezalaxe, liburua objektu bihurtu dugu, eta edukiontzia edukia baino garrantzitsuago bihurtu zaigu. Gehien saltzen diren liburuen artean gero eta leku gutxiago dute fikziozko nobelek, saiakerek edo klasikoek. Entretenimenduzko liburuak daude modan. Proposamen originalei eta estetikari lotuak. Eta, jakina, horien artean ere denetarik dago.

Gu liburu-objektu fetixista garenez, ez dugu gaizki ikusten fenomeno hau, baina azpimarratu nahi dugu, iruditzen zaigulako, nolabaiteko oreka galduz gero, liburudendak litxarreria-denda bihurtuko zaizkigula epe ertainean. FNAC-en gisako liburu eta disko multinazionaletara sartu, eta denda txinatar batean egotearen sentsazioa ukaezina da. Gero eta leku gutxiago eskaintzen diete liburuei eta musikari. El Corte Inglesekoek ere lehen kulturari eskaintzen zioten espazioan, orain running-a eta derrigorrezkoak bihurtu dizkiguten kirol-aisialdi horiek egiteko jantzi eta parafernalia saltzen digute.
Bai, badakit, sarrera luze samarra izan da, baina barruan nuena oka egin behar nuen. Esan bezala, egunkarietako gehigarriek aipatzen ez dituzten liburuak, liburu-denda txiki eta espezializatuetan soilik topatzen ditugu egun, eta, horien artean, Nick Cave musikariaren egunkari berezia, AEBetan eta Kanadan barna eginiko biran idatzia: zorabiatzen zarenean hegazkinetan oka egiteko ematen dizkizuten poltsetan idatzitako egunkaria da. Gauero, hotelean, emazteari telefonoz hots egin eta, haren erantzuna jaso gabe, ilea tindatzen duen musikariak kantu luze bat idatzi du liburu honetan.

Nick Caveren jarraitzaileontzat altxor txiki bat da liburua. Musikari australiarraren ohiko obsesioek eta barne paisaia ilunek, ironia beltz eta irudi onirikoekin egiten dute topo zorabiorako poltsetan idatzitako hausnarketa eta doinuetan. Bryan Ferry bainujantzian azaltzen denekoa, edota ezkutatzeko kantuen zerrenda, edota plastikozko poltsak aingeru bihurtzen direnekoa… une magikoak daude Cavek idatziriko lerroetan. Eta, zorabioarentzako poltsa hauek eskuetan ditudala, bertan idatzitakoen gisako letrekin kantari australiarrak azken hamarkadetan egin dituen kantu zoragarriak entzuten ari naizela, Cave familiak berriki bizi izan duen zorigaitzarekin akordatu naiz, eta, bat batean, pentsatu dut bizitza honen ostean beste zerbait egongo denaren fedea eta sinismena izatea gustatuko litzaidakeela / baina ez dut sinisten esku-hartzaile den Jainko batean / baina badakit, maitea, zuk sinesten duzula / sinetsiko banu belaunikatu eta galdetuko nioke / ez dezala zurekin ezer egin / ez zaitzala ile bakar bat ere ukitu / zaren modukoa utz zaitzala / eta zu inora eraman behar bazintu / nire besoetara izan dadila / nire besoetara, O Jainkoa / nire besoetara...