hurrengoa
maitasuna banpiro bat da    Fernand Vilniusen bizi da, eta erraz, errazegi maitemintzen den banpiro bat da. Eta, jakina, erraz maitemintzeko gaitasuna/gaixotasuna duen orok bezalaxe, asko sufritzen du. Ez da erraza, aizue! Fernandek badu neskak maitemintzeko habilezia berezia, eta guztiek, edo ia guztiek nahi dute lepoan kosk egin diezaien. Fernandek hagin batekin soilik egiten die kosk, marka handia ez uztearren. Ferdinandek modu xelebrean egiten du hegan. Gogorik gabe egingo balu bezala. Bere gazteluan bizi da, baina logelak alokatzen ditu, konpainia atsegin duelako. Banpiro ehiztariez paso egiten du Fernandek. Ez die apenas jaramonik egiten. Bere zeregin nagusia, egunez lo egitea eta gauez maitaleen etxeetan sartzea da. Maitasuna eta larrua jotzea da Ferdinanden bizitzeko arrazoi sinple bezain ederra.

Ferdinanden abenturak eta desbenturak biltzen dituzten Vampir eta L ́Amour bildumak (le bestiaire amoureux) Joann Sfar komikilariaren lan bereziak dira, eta, letra hauen idazlearentzat, ederrenak. Johann Sfarren maisulan honen gozamena konpletoa izan dadin, ezin aipamenik gabe utzi, estatu espainiarrean Fulgencio Pimentel argitaletxeak egindako edizioa. Haginak sartzeko modukoa. Komiki honetan, Sfar inoiz baino askeago aritu dela dirudi. Istorioari dagokionez, erromantizismoa eta komedia dira ardatz.
Naturaltasuna nagusi den istorio honetan, maisuki nahasten ditu ironia, desioa, amodioa/desamodioa eta sexua. Elkarrizketak dira komikiaren xarmaren ardatza. Askotan, marrazten duen bitartean, inprobisatutako elkarrizketak sartzen dituela dirudi. Marrazkerari dagokionez, ez dugu orain deskubrituko Sfar maisua. Urteak daramatza komiki bakoitzean esperimentatzen. Lan honetan, marrazkia oso librea eta organikoa da. Batzuetan koloreen erabilerarekin, beste batzuetan binetak antolatzeko moduarekin, Sempé-ren minimalismo naive-tik Edward Gorey-ren gotikotasun ilunera eramaten gaitu Sfarrek, batasun estetikoa galdu gabe inoiz. Eta, elkarrizketekin egiten duen moduan, badirudi istorioa pentsatzen duen heinean marrazten duela Sfarrek. Jazz pieza bat balitz, erritmo bati jarraiki, edozein momentutan marrazki estiloz aldatzen du, edo, bat batean, komikiaren pentagramak diren bineten artean libreki marrazten du, gutariko askok ikastolako koadernoetan edo liburuetako tarte zurietan egiten genuen moduan. Bai narrazioan, bai marrazkeran, emaitza li-lu-ra-ga-rri-a da.