kale borrokalaria
irudia
Badira sekula gauzatzen ez dituzun ideiak, pentsamenduak eta akzioak. Eta arrazoia jakin gabe, egingo ez dituzun gauzen kaxoian amaitzen dute. Orain kontatu behar dizuedan istorio hau eguneroko eginkizun bihurtu zait ̈ley mordaza ̈ delakoa sortu zenetik.

15 bat urte daramat Bilboko San Frantzisko kale mitikoan bizitzen, kulturalki eta gizarte mailan, hiriko bazterrik anitzena eta aberatsena, eta aldi berean bazterrik umilena eta pobreena, alokairu erdi merkeen erreinua. Estudiotik nire etxera egiten nuen bidean, guztientzat komuna den elementu baten presentzia detektatu nuen: koltxoia.

Euskarri, pareta, iragarki ohola, egunkari, mihise, hasperen multzo, malko edukiontzi, usain eta kiratsen bilgune eta abar... Horrela ikusten nituen nik. Lege zentzugabea azaldu zenean, ezer ez egitea zapalketa onartzea zela pentsatu nuen, eta ideiak elkarri lotuz, ̈euskarri ̈ horiek mezu anbiguoak bidaltzeko nola erabili asmatzen hasi nintzen. Jabetzen naiz ez dutela denbora gehiegi irauten kalean, eta, horregatik, argazkia atera eta akzio iragankorraren dokumentua gordetzen dut, zeinak zentzu guztia hartzen duen bilduma guztia deskubritzen duzunean.

Testu gehienak RRV delakoaren taldeek idatzitako kantuetatik atera ditut; badago, halaber, film, telesail, liburu eta beste testu batzuen eraginik ere: Eskorbuto, Cicatriz, MCD, RIP, Doctor Deseo, El Columpio Asesino...

Gazteleraz, euskaraz eta ingelesez daude idatzita, baina azken hori erabiltzeari utzi nion emakume ijito jator batek ̈ay payooooo que no entiendo nada, explicamelo! ̈ esan zidanean. Orduan gaztelerara jo nuen. Rosa fuksia aukeratu nuen hankartetik ateratzen zaidalako, eta, modu horretan, zabor garbitzaileek, nire etsai akzidentalek, badakite nor naizen; haiek beren lana egiten dute eta ni nirea egiten saiatzen naiz.

Aukeratutako esaldiaren anbiguitateak irakurketa bat baino gehiago egiteko aukera ematen du batzuetan, baina hau guztia egiteko dudan beharra eta adrenalina-maila kontrolaezinak dira. Batzuetan etxetik ateratzen naiz beste koltxoi bat topatzeko gogoz, eta bertan, gau osoan bueltaka izan dudan esaldi madarikatu hori espraiaz tatuatzeko itxaropenaz.

SI NO TE GUSTA, TE JODES
QUEJARSE Y NO HACER NADA AMAR LA ESTUPIDEZ
SABES BIEN QUE AQUI PUEDES MORIR