hurrengoa
belako, kolpe perfektua arkaitz villar   Bertoko musika zaleontzat, Belako gure bale zuria da. Musikarientzat ere bai. Denek nahi dute zerbait Belakorekin. Edo denek espero dute zerbait Belakorengandik. Eta erraza ez den arren, presio horren aurrean fidel eutsi diote beren izaerari. Ez dira erosotasunean erori eta, oso gazte izanik ere, argi dute zer den musikaren mundua: kontzertu sorpresak eskaintzen dituzte, eszenatokian inork baino hobeto pasatzen dute, eta sormen lan etengabean murgilduta daude. Hamen estudioko laugarren diskoan, bilatzen diharduen soinutik gero eta gertuago dagoela erakutsi du Belakok. Talde askok beren ibilbidea soinu sofistikatuagoetara gidatzen badute, Mungiako taldeak bere bideari jarraitu dio eta lortu du zuzenean trasmititzen duen freskotasuna eta indarra islatzea.

Kolpe perfektua da Hamen. Gero eta urrutiago bizi dugun 90eko hamarkadako underground eszenaren erreferente berri bilakatu da diskoa. Horrekin batera, intentzio bat erakusten duen taldea da: ondo pasatzeko lau lagunek sortu duten banda. Entzuleari lehen kolpetik kutsatzen diote sentsazio hori, bai estudioan, bai eta eskenatokian ere.

Silent Alarm abestiko baxuaren gordintasunak zapaldu egiten du egungo musikaren eszena betetzen duten aurrefabrikatutako taldeen nortasun eza. Kolpe bera trasmititzen du Off your shoes kantuak; entzulea, bapatean, espero ez dituen rock giro indartsuetan murgilduta aurkitzen da. Ez dira zuzenekoetan erraz funtzionatzen duten kantuak, baina, kasu honetan, badute eraginik eta aurrekari biribilak dira elektronikara gerturatzen diren Track sei bezalako
abestientzat. Dinamika bikaina lortu dute estilo nahasketa horretan.

Sasoi onean dago Belako, eta Hegodun baleak abestiak agerian uzten du hori. Dantzalekurako sortutako Sinnerman-en bertsioa ere grabatu dute, melodia magikoak sortzeko ahalmena dutela erakutsiz. Seguru etortzeko dagoena hobea dela. Bitartean, nostalgiarik ez, just Belako.