hurrengoa
malmö myriam gartzia   Malmö film eszenikoa estreinatu berri du Bilboko Khea Ziater antzerki taldeak. Antzezlanak bi lagunen arteko mendeku istorioa kontatzen du, Claudia eta Saga (Maria Urzelai eta Ainhoa Jauregi aktoreak), eta gorrotoa, drogak, odol isuriketa eta une zoroak ez dira falta film eszeniko honetan. Film eszenikoa, bi disziplina horiek, zinema eta antzerkia, nahasten direlako narrazioaren alde, Khea Ziater taldearen ohiko etiketa eta egiteko modua. Malmören zuzendaria den Alex Gerediagarekin elkartu gara, euskaraz gutxitan ikusiko dugun antzerki lanari buruz hitz egiteko. Zer da Malmö? Nola sortu da Khea Ziaterren film eszeniko berri hau?

Malmö euskaraz lan egiteko beharretik sortu dugu, erdara hutsez lan egiteak asko mugatzen zaituelako Euskal Herrian. Oraingoz, euskarazko bertsioari emango diogu lehentatsuna, eta datorren
urrian erdaraz estreinatuko dugu.

Aurreko antzezlanetan ere egin izan dituzue bertsio biak, euskaraz eta gazteleraz.

Bai hala izan da, baina aurreko lana eta, egin dugun lehendabiziko film eszenikoa, Not Never in Time, erdara hutsez egin genuen. Arrate Etxebarria antzezlea ez da euskalduna, eta film eszenikoa euskaraz egiteak zekarren aktorea aldatzea eta filmaren lan guztia berriz ere
grabatzea. Eta ez nuen kontua gehiegi derrigortu nahi.
Bilboko Arriaga antzokiak aspaldi eskatu zigun zerbait egitea Gelatxoak programan erakusteko, eta lehen film eszenikoa euskaraz sortzeko behar horretatik sortu genuen Malmö.

Zergatik film eszenikoa? Zuek asmatutako etiketa da?

Gure asmoa, ikusentzuneko narratiba eta narratiba eszenikoa nahastea eta osatzea da, horrela, ikusleak narrazioa jarrai dezan pantailatik eszenara eta eszenatik pantailara. Kasu honetan, filmea ez da osagarri hutsa; filmeak eszenak kontatu ezin dezakeena kontatzen du, eta alderantziz. Malmö borroka baten istorioa da, eta halako talka bat eszenan soilik kontatzea ezinezkoa da. Ez da sinesgarria. Hori da ideia, kode zinematografikoak ematen diguna aprobetxatzea, baina kode eszenikoari traizionatu gabe, azken finean, antzezlan batetaz ari gara.
Bestetik, ez dakit gure gurea den film eszenikoaren etiketa, ez dut uste ezer berririk asmatzen ari garenik. Baina, film eszenikoarena bada gure bilaketaren etiketa. Azken aldian oso ohikoa da irudia eta eszena batzea, garai berriak dira, eta aukerak hor daude, baina nik ez dut nahi irudia lagungarri izatea baizik eta narratzea, eta narrazio horretan disziplina biak garrantzitsuak izatea.

Ez zara eskapatzen emakumeen istorietatik.

Azken hiru lanetan hala izan da, trilogia bat izango balitz bezala ulertzen dut. Satisfaktion antzezlanean Maria Urzelaiekin lan egin nuen, Not Never in Time Arrate Etxebarriarekin, eta, oraingo honetan, Malmön, Arratek eta Mariak egingo dute gaztelerazko bertsioa eta Ainhoa
Jauregirekin arituko da Maria euskarazkoan. Inkonszientea izan da...

Malmöri dagokioenez, egia da ez dela ohikoa biolentzia nagusi den istorio batean, biolentziazko akzio thiller batean, bi emakume izatea protagonistak. Bitxia da. Ohikotasunetik atera nahi izan dugu, ezustean harrapatzea publikoa.

Mikel Somiñonak egin ditu testuak gazteleraz eta Jon Gerediagak euskarara ekarri. Nolakoa izan da dramaturgia lana?

Testuen egiletra Mikelena eta nirea da, horrela egiten baitugu lan; dramaturgiak eskatzen dizkidan beharren arabera elkarrekin lan egiten dugu Mikelek eta biok. Nik sortutako egituraren arabera eta nik neuk sortutako eszena bakoitzaren beharren arabera, Mikelek idazten ditu testuak. Nik sortzen dut dramaturgia eta berak idazten ditu testuak.

Eta bai, nahi izan dugu Jon Gerediagak itzultzea testua. Aspaldiko ezaguna Jon Gerediaga, Mina Espazioa eta Antzerkiola Imaginarioa antzerki taldeko garaietatik... Gutariko asko gatoz Antzerkiola Imaginariotik. Baina Khea Ziaterren
sorreraren zergatia bazen ere Antzerkiola imaginarioan egiten genuenetik ihes egitea, ez gustuko ez dugulako baizik eta, bilaketa propioa egiteko.

Zaila izan zen eredu horretatik ateratzea, eta sortzeko modu berriak asmatzea, borroka latza izan da. Orain esan dezaket, batez ere Not
Never in Time film eszenikotik, gure eredu propioa asmatu dugula.

Nola ikusten duzu Euskal Herrian egiten den antzerkia?

Badira hainbat talde oso interesgarri, Artedrama plataforman dauden antzerki taldeen kasua, adibidez. Gero badira beste talde batzuk gauza
konbentzionalagoak egiten dituztenak baina lan ona egiten ari direnak. Baina, orokorrean, esango nuke berrikuntza eta arrisku falta somatzen
dudala.

Eta kanpoan egiten denari begira egon beharra al dago?

Kanpora begiratu baino, zuk zeuk asmatu behar dituzu sortzeko modu propioak. Baina bertigo handia dago, azken finean, lana erakutsi beharra
dago, eta udaletan dauden besaulkietako programatzaileen artean beldur handia dago ohikotasunetik kanpo dauden gauzak erakusteko.
Gauza minoritarioak erakusteko beldurra dago.
Nik neuk ere autozentsuratzen dut nire burua, hau da, Euskal Herrian lan egin behar dut. Proposamen berritzaileek ez dute lekurik, eta horrek
sortzaileengan ere badu eraginik. Euskal Herrian arazoa ez da sortzea, baizik eta erakustea. Ezin duzu zure lana sortu soilik pare bat jaialdi
berritzailetan erakusteko. Hala eta guztiz ere, publikoa programatzaileek uste dutena baino azkarragoa da.