hurrengoa
kulturaz zirriborro solte batzuk    Ondorengo apunteetan, ez duzu saiakera mamitsurik topatuko. Azken aldian bata eta bestearekin izandako solasaldietan ateratzen direnak paperean jartzea izan da asmoa. Iritziak dira eta ez dute analisi edo diagnosi bat izateko asmorik. Errealitatea, hemen, lau lerrotan azaltzen duguna baino konplexuagoa eta anitzagoa dela badakigu eta ez dugu arrazoia ere izan nahi. Asmoa, modu zuzen eta ulergarrian, gure inguruko kulturaz eta kultura ekosistemaz zirriborro solte batzuk paperean jartzea da. kultura=ebentoa

Ukaezina da azken urteotan gurean kulturari eman zaion bultzada eta garrantzia. Kulturak, ekonomikoki neurtu eta etekinak eman ditzakeela jabetu ginenetik, beste hainbat jarduera ekonomiko janzteko eta bultatzeko apaingarri perfektua bihurtu da. Baina ez ditzagun gauzak nahastu. Inporta duen kulturaz ari gara. Berehala neurtu eta jaso daitezkeen emaitza eta etekinak eskaintzen duen ¨ebento ̈ kulturaz.
Kulturak gure egunerokoa kutsatu du. Dena bihurtu dugu kultura. Kultur emanaldien hazkundea erabatekoa izan da. Gutxitan hausnartzen da ordea kultura hitzaren zabalkundeak ekarri duen b aldeaz. Kultura aisialdiaren sinonimo bihurtu da. Kultura bizi beharrean ̈kontsumitu ̈ egiten dugu. Hein handi batean kultur emanaldien saturazioak, arinkeria eta banalizazioa ekarri du. Ezerk ez du apenas irauten. Ez kultur espazioetan, ez geure garun eta erraietan. Makinaria bihurtu dugu kultura. Modu konsziente batean. Industria kulturala edo turismo kulturala bezalako konzteptuak gailendu dira... eta denon artean egin dugu.

kulturaren jerarkia

Aranxa Urretabizkaiari irakurri genion Berrian, kultura munduan txoriak eta ornitologoak daudela. Adibide ederra da. Kulturan, sortzaileak eta sortzaile horiek egiten dutena aztertu, neurtu eta zabaltzen (edo ezkutatzen) dutenak daude. Beharrezkoak dira biak ziurrenik, baina arazoa, ornitologoa txoria baino garrantzitsuagoa bihurtzen denean sortzen da. Egun, txoria, ornitologoaren esistentzia justifikatzeko aitzakia besterik ez da.
Arte erakusketetako kartel eta promozioei erreparatzea besterik ez dago. Komisario edo ̈kurator ̈-ak artistak baino garrantzi handiagoa du. Haren eskuetan dago egungo arte programazioa. Haren iritziak eta jakintzak bideratzen du artearen norabidea. Egungo kuratorrek hitz egiten duten heinean sortzen ari direla sinisten dute. Arte zentruetako zuzendariak, kritikoak, akademikoak, kultur eragileak, zuzendari artistikoak,... guztiak kulturaren ekosisteman elikadura katearen goikaldean kokatu den fauna. Eta guztien gainetik, afitxe horietan logoa jartzen duten instituzioen ordezkariak. Argazkietan sortzaile eta kultura munduko jendearen alboan azaltzea atsegin duten politikariak. Ez dute aukerarik galtzen, erakusketa, emanaldi edo kultur jarduerak, gu guztion diruarekin baina haiei esker gauzatzen direla azpimarratzeko.
Kulturan bultzatzen den prekarietateaz ere hitz egin genezake. Kultura ekosistemaren goikaldeko faunakoek, askotan, aurrekontuen portzentai handi bat beren jarduerara zuzendu eta nola sortzaileei apurrak eskaintzen dizkieten. Logo
instituzional ugari duten jarduerek, eta beren antolatzaileek, klaseak, emanaldiak edo eta hitzaldiak 50 euroren truke edo musutruk ematea eskatzen dutenean, inongo lotsarik gabe, argi dago aspaldi onartu genuela kultura munduan eman den ekosistema eraldaketa.

mainstream eta sefie kultura

Azken aldian behin baino gehiagotan entzun eta irakurri dugu edozein kultur sistemak, kultura jasoaz gain, mainstream edo kultura komertzial bat ezinbestekoa duela. Eta gutxik eztabaidatu dezake arrazonamendu hori. Arazoa ordea mainstream kontzeptua definitzerako orduan dator.
Ez delako igoala AEBtako mainstream kultura, frantziakoa edo demagun espainola. Euskal kultura mainstream bat beharrezkoa dela argi dago, baina aldarrikapen horrek ez luke aitzakia izan behar ̈denak balio du ̈-ren sinonimo gisa. Askotan, proposamen eskasak, talentu eza eta errazkeria izendapen horren itzalean ezkutatzen direlako. Bai, jakina, orain dator galderatxoa: Nork esaten du zer den kalitatezkoa eta zer ez? Baina... Ez al dira halako galderak askotan aitzakia hutsa?Subjektibitatearen izenean ezkutatzen gara beste behin. Elitismo kontzeptua ateratzen duenik ere bada, baina elitismoa eta kalitatea nahasten dira askotan. Nahita. Kulturan, bidea, kalitatezko gauza berritzaileek markatu behar dutela zioen Saizarbitoriak duela gutxi Argia aldizkarian irakurri genion elkarrizketa batean.
Politikari, kazetari eta beste kultur eragile ezberdinen ahotan darabilen beste kontzeptu iraultzailea honokoa da: guztiok gara sortzaileak. Tabakaleran ireki duten UBIK liburutegia dela edo eta hiriburutza kulturalaren magalean jende guztiari sortzeko aukera eskaini behar zaiola errepikatzen digute behin eta berriro. Ez dago horren kontra joaterik ere, baina sorkuntzan ezinbestekoa den alor bat ahazten da maiz: heziketa. Kultura jarduera ezberdinetan aritzeko, ezinbestekoa da formakuntza eskaintzea. Eta formakuntza hori ez da soilik egiten lortzen baizik eta kultura kontsumitzen. Zertarako balio du denak pelikulak, antzerkiak edo eta liburuak sortzen hastea inork ez baditu ikusi behar? Norbera bere sorkuntzan tematuta eta soilik interesatuta bizi gara eta ez dugu besteenaz gozatzeko interesik. Selfie kultura garaiotan ez ote gara bizi?

pastela eta prestigioa

Gure kultur esparruan, agintari eta kultur eragileen artean autokritika baino, akritikotasuna da nagusi. Normalean, kritikoenak, artista eta sortzaileak dira/ gara. Baina sektore hau osatzen dugunok ez gara libratzen. Kritikatzen dugun guzti horren parte aktibo bai gara. Instituzioek bultzatutako kultur ebento eta espazio hauen pastelaren zati bat eskuratzea bihurtu bait da egungo sortzaile gehienen helburua. Eta ez soilik superbibentziagatik izaten, selfie kultura honetan egoa ere akuilu izaten da. Aitari entzuna da, duela gutxira arte, ezertarako balio ez zuena sukaldari edo artista sartzen zela. Eta orain aldiz, lanbide gutxik du bi hauek duten prestigio soziala. Sortzailea, bat batean, bada norbait gizartean. Bere iritzia errespetatua da. Aditutzat du bere burua sortzaileak, nahiz eta kasu askotan modan dagoena jarraitu besterik ez duen egiten. Ah, bide batez, aita sukaldaria zen.